Kulturan, ekonomian eta berdintasunean eragiteko hainbat proposamen egin ditu EH Bilduk Laudioko udal aurrekontuetan

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 16a, 18:20

EH Bilduko udal taldea larunbatean Bilbon egongo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten. / Laudioko EH Bildu

Laudioko EH Bilduk iradokizun ugari egin ditu 2022ko udal aurrekontuetan jasotzeko eta EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernu Taldeari leporatu dio pribatizazioaren bidea hartzea.

Laudioko EH Bilduko kideek prentsa oharra zabaldu dute jakinarazteko hamaika ekarpen egin dituztela 2022ko udal aurrekontuei dagokienez. Koalizioak azaldu du herriko elkarteekin batu dela horretarako.

Hurrengo proposamenak egin ditu:

  • Eragileen diru-laguntzak handitzea, hainbat urtez ez baitira aldatu.
  • Argindarraren prezioaren igoerari aurre egiteko bonoa sortzea.
  • 18 eta 35 urte bitarteko gazteei bideratutako diru-laguntza abiatzea, etxebizitza alokairua ordaintzeko.
  • Euskara ikasteko laguntzak handitzea.
  • Ahalduntze eskola, berdintasun kontseilua eta emakumeen etxea bideratu eta gauzatzeko diru partidak areagotzea.
  • Gizonentzako berdintasun partida eratzea.
  • Kirol azpiegituretan hobekuntzak egiten jarraitzeko bitarteko ekonomikoak ematea.
  • Hiltegia berriro irekitzeko dirua bermatzea.
  • Hurrengo urteko aurrekontuetan herritarren partaidetza sustatzea.

Kritikak EAJ eta PSE-EEri

EH Bilduk ez du aukera galdu eta gogor kritikatu du egungo Udal Gobernu Taldearen kudeaketa eredua. Hain zuzen, EAJ eta PSE-EEri leporatu die zerbitzu publikoen pribatizazioaren bidea hartzea. "Hilerriaren kudeaketa, Enplegu Publikoaren Eskaintzaren garapena edota merkataritza sustatzeko jarduerak" dira horren adibide koalizio independentistarentzat.

Hori ez ezik, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak murriztea ere egotzi die EH Bilduk jeltzale eta sozialistei: "Aurtengo proposamenean, udal gobernu taldeak, berriz ere, indarkeria matxista pairatu duten emakumeentzako laguntzak murriztu ditu. Errotik heldu beharreko pandemia da hau eta ezin dugu onartu indarkeria matxistari aurre egiteko diru kantitatea murriztea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide