Enrique Urquijo Los Secretos taldeko konpositorea eta gitarjolea 1999an zendu zen drogen gaindosi baten ondorioz Madrilen. Aste honetan bete da zoritxarreko efemeridearen 22. urteurrena eta bere ingurukoek zenbait datu gehiago eman dituzte bere bizitzako azken uneei buruz, ukatuta heroinak eragindako gaindosiak hil zuenik, eta azpimarratuta bestelako drogen presentzia bere gorpuan.
Madrilgo La Movida mugimenduan egondako musikariak -Tos, Los Secretos eta Los Problemas taldeetan- oso errotuta egon zen Espainiar Estatuko hiriburuan eta garaiko bestelako sortzaile ospetsuen laguna izan zen -Joaquin Sabina edo Antonio Vega-, baina urruneko harremana dauka Aiaraldearekin, laudioar baten ondorengoa izan baitzen.
Hala ere, eta bere abizenak iradoki dezakenaren aurka, Urquijo abizena ez zuen Laudiotik hartu. Hain zuzen, bere aitona (Manuel Urquijo Helguera) Castrokoa zen.
Eskualdera hain lotuta dagoen abizen hori ez bada sustrai horien arduradun, nor da ba? Erantzuna oso erraza da. Enrique Urquijoren amona, Elvira Grijalba, Laudion jaio zen. Bere ilobek gogoratzen zuten emakume langile baten moduan, beti etxean, eta hiru mende ezagutzeko aukera izan zuen. Alegia, Elvira 1896an etorri zen mundura eta 2001ean hil zen.
Denbora tarte horretan guda zibila bizi izan zuen, baita bere iloben arrakasta ere (Enrique Urquijorekin batera, Javier eta Alvaro Urquijok jotzen zuten Los Secretosen). Elkarrekin, bere ilobek sortu zituzten La Movidako zenbait abesti esanguratsu (Déjame, esaterako).
Tamalez, iloben erruz une mikatzak ere ezagutu zituen, Enrique Urquijoren heriotzak hitzaurre luzea izan baitzuen, urte luzez drogen kontsumoak markatu baitzuen bere existentzia.