Larunbatean, azaroaren 27an, eta pandemiak ekiditen ez badu, Julen Burgos laudioarrak Rockein musika lehiaketako finalean joko du. Basauriko Sozial Antzokian izango da emanaldia eta sarrera doakoa da, baina aurretik eskuratu beharra dago hemen. Artistak jendea animatu du, kontzertura joan dadin.
Finalean Kurixe eta La Nevera Vacía taldeak izango ditu aurrean. Hala ere, Burgosentzat finalean egotea garaipena da, berez: "Rockein lehiaketara bidali nituen abestiak besteen iritziak jaso nahi nituelako nire abestiei buruz eta erantzuna oso positiboa izan da".
Zentzu horretan, larunbatean bere debuta egingo du bakarlari gisa eta berak gogoko duen eredua jarraiki: "kitarra eta ahotsa soilik, modu biluzian eta naturalean".
Julen Burgosek larunbatean egingo du debuta bakarlari gisa. Berarentzat finalean egotea garaipena da.
Pandemia eta sorkuntza
Berez, Julen Burgosek Goaz taldean parte hartu zuen eta betidanik sortu du musika. Duela urte batzuk kitarra elektrikoa baztertu eta kitarra flamenkoa jotzeari eta teknika hobetzeari ekin zion, pretentsiorik gabe: "Niretzat egiten nituen abestiak eta etxean jotzen nituen. Pandemiak itxialdia eragin zuenean, ordea, mundua gelditu zen eta denbora izan nuen zenbait abesti berreskuratzeko eta hobetzeko. Guztiak ziren euskaraz".
Izan ere, musikariak azaldu du barrutik egiten dituela kantak eta konposizioek, nolabait, erabakitzen dutela euskarazko edo gaztelerazko testua izango duten. Zentzu horretan, diskoa prestatzen ari da eta jadanik hiru abesti grabatu ditu euskaraz eta beste bi edo hiru erregistratuko ditu gazteleraz.
Orain, finalean ez ezik, grabaketan ere dago buru-belarri sartuta eta espero du Gabonetan diskoa kaleratzeko aukera izatea. Lehiaketa irabaziko balu, diskoaren grabaketa jasoko luke sari moduan. Baina, momentuz, bere kabuz ari da lanean.