Atzo istripu larria gertatzeko zorian egon zen Laudioko herrigunean, Karmen kaleko 1. zenbakiko eraikineko bi balkoi jausi zirenean. 10:00ak aldera jazo zen ezustea eta, zorionez, ez zegoen oinezkorik inguruan. Zehazki, balkoi bat askatu zen guztiz, eta baita bestearen zati handi bat ere.
Jakin bezain pronto, Udaltzaingoa bertaratu zen eta tokia inguratu zuen zinta batekin. Halaber, udaleko Zerbitzu eta Obra Saileko arduradunekin jarri zen harremanetan polizia.
Udal langileek begiratu zituzten eraikin bereko balkoiak, ziurtatzeko ez daudela erortzeko arriskuan. Halaber, prozedura ireki zuten higiezinaren jabea behartzeko eraikinaren premiazko ikuskaritza teknikoa egitera ahalik eta lasterren.