Duela ia urtebete hil zen zuen txakurra. Zer zen zehazki gertatu zena?
Solvik: Ni berarekin atera nintzen paseoan, arratsaldeko laurak aldera. Nerbioiko Parke Linealean barrena aritu ginen, eta bueltan gentozela baratz baten alboan geratu zen eta zeozer jaten egon zen. Ni hurbildu nintzenean ez nuen ezer ikusi, baina arraroa iruditu zitzaidan txakurra horrenbeste denbora egotea hor, usaintzen. Etxera iristean, ordu erdi geroago, txarto ipini zen eta albaitariarengana eraman genuen. Ezin izan genuen ezer egin.
Estriknina zen jan zuen pozoia, ezta?
Solvik: Bai. Nahiko azkar esan zigun albaitariak pozoia izan zitekeela, Negu oso zurrun jarri zelako, siku egongo baliz bezala.
Andrea: Eta konbultsioak zituen gainera.
Salaketa jarri zenuten.
Andrea: Bai, hurrengo egunean. Pozoia jan zuen tokira itzuli ginen eta haragi freskoa topatu genuen, hauts zuri batzuekin. Ertzaintzarenera joan ginen orduan salaketa jartzera, beste txakurrei berdina ez gertatzeko. Hau komentatu zigun inguru bereko auzokide batek bi txakur zituela eta eurak ere pozoituta hil zirela.
Solvik: Guk salaketa jarri baino lehen topatu zituen jabeak bi txakur horiek hilik. Gabonak ziren, eta gizona ez zegoen bertan, beste toki batean bizi zelako. Abenduaren 25eko goizean topatu zituen, hilik.
"Nik uste dut badagoela jendea ez dituenak animaliak gogoko eta nazkatuta dagoena txakurrak zenbait tokitan (parkeetan, adibidez) solte ikusteaz"
Nola bizi zenuten Neguren heriotza?
Andrea: Oso gaizki. Jendeari kontatzen genionean gure egoeran jartzen zen, baina egia da baita entzun izan genuela animalia bat baino ez zela. Ume batekin edo persona batekin gertatuz gero kontua ez litzateke horrela geratuko. Guk jarritako salaketa ez da aurrera joan, animaliak ez dira horren garrantzitsuak pertsonentzat.
Solvik: Niretzat Negu oso garrantzitsua zen, familiako beste kide bat zen, eta gaizki pasatu genuen. Etxetik albaitariarengana egindako bidea oso azkar egin genuen kotxez. Ezin da pertsonen eta animalien arteko alderaketa egin, txakur bat izatea ez da seme-alaba bat edo ahizpa bat izatea bezalakoa. Ez da berdina, baina familiako kide garrantzitsua izan daiteke.
Andrea: Une horretan Negu niretzat ume bat bezalakoa zen, nire karguan zegoen, eta pena handia nabaritu genuen. Bere falta sumatzen dugu.
Solvik: Baina jende gehienak ez du horrela ulertzen.
Zergatik uste duzue dagoela animaliak pozoitu nahi dituen jendea?
Solvik: Neguren kasuan nik uste dut kontu-garbitzea izan zela. Baratzaren jabearekin hitz egin genuen eta esan zigun uste zuela bazekiela nor zen pozoia jarri zuena. Etxeko ate baten kanpoko aldean jarri zuten estriknina, eta eurek ere txakurrak zituzten.
Andrea: Hor soilik zegoen. Horregatik esan zigun baratzeko jabeak uste zuela pozoia bere txakurrarentzat espresuki jarri zutela hor.
Hala ere, hau kasu berezi bat izan da. Egon diren beste kasuetan, nik uste dut badagoela jendea ez dituenak animaliak gogoko eta nazkatuta dagoena txakurrak zenbait tokitan (parkeetan, adibidez) solte ikusteaz. Larrañon ere egon zen garai bat zeinetan parkean pozoia jartzen zuten. Uste dut kasu horretan auzokideak izan daitezkeela. Baina badaude beste modu batzuk…
"Jabeak sustoa hartzea dute helburu, eta lortzen dute. Orain txakurrarekin goazenean urduri gaude uneoro"
Solvik: Nik ez dakit jende horrek zer puntutara arte dakien txakurrek hori jan dezaketela. Kasu batzuetan, pozoia janez gero, albaitariarengana goiz eramanda animalia ez da hilko.
Disuasio-neurri moduan egiten dutela uste duzue?
Solvik: Gure kasua, esan bezala, ez zen horrelakoa izan. Baina uste dut kasu gehienetan horrela dela.
Andrea: Ez dute horrek izan ditzakeen ondorioetan pentsatzen.
Solvik: Jabeak sustoa hartzea dute helburu, eta lortzen dute. Orain txakurrarekin goazenean urduri gaude uneoro, animaliak lurreko zeozer hartzen duen bakoitzean.