Asteazkenean egin zen 2022ko Laudioko Udal Aurrekontuak bozkatzeko Ezohiko Udal Osoko Bilkura. EAJk, PSE-EEk eta Omniak aldeko botoa eman zioten proposatutako plangintza ekonomikoari. EH Bilduk, aldiz, kontra bozkatu zuen, eta oharra plazaratu du bere jarrera azaltzeko.
Hemen ikusi daiteke bilkura osorik:
“Udal arduradun batek, aurrekontu hauek aurkeztu zituztenean esan zuen bezala, proposamena kontinuista da”, salatu du koalizioak, “egungo korporazioak legealdi honetan egindako aurrekontuen artean, gastu-aurreikuspen txikiena duten aurrekontuak dira, eta aurreko aurrekontuetako COVID-19aren neurriak lausotuta geratu dira”.
Aurten indarrean jarritako zenbait laguntza murriztu edo kendu dituztela nabarmendu du oposizioko taldeak, eta ohartarazi du horrek eragin zuzena izango duela “udaleko zerbitzuen pribatizazioan”. “Aurrekontu osoaren % 20 baino gehiago azpikontratatutako enpresei ordaintzeko erabiltzen da. Kale-garbiketaren kostua ia % 25 garestitzea eta urtean 1.600.000 eurokoa izatea aurreikusten da. Hilerri zerbitzua ere pribatizatuko da”, aipatu du Santi Hernando zinegotziak.
Hala ere, EH Bilduk azpimarratu du aurrekontuen osaketa prozesuan bi ekarpen egin dituela: kirol eta kultur taldeei bideratutako diru laguntzak (“oraindik igo gabe daudenak”) eta gazteek etxebizitzak alokatzeko diru-laguntza lerro berria.