Zita garrantzitsua izango dute bihar Herriaren Koldo Reinaldo eta Aimar Amondo pilotariek. Arabako Txapelketako eskuz banakako finala jokatuko dute Herriaren elkarteko bi gazteek Ogetako pilotalekuan, arratsaldeko lauretatik aurrera.
Reinaldoren txanda izango da lehenbizi. Gaztetxoen kategorian lehiatuko da eta David Palacios gasteiztarra izango du aurkari. “Gasteizko pilotaria indartsua da oso baina gure pilotariak badaki zer egin behar duen une bakoitzean” ziurtatu dute Herriaren taldeko kideek. Finala “gogorra” izango dela aurreikusi dute: “huts gutxien egiten duenak eramango du txapela”.
Jaialdiko hirugarren norgehiagoka izango da Amondorena. 22 azpiko kategorian lehiatuko da Markel Arriolabengoaren aurka. “Biak dira antzerako pilotariak; atzean aritzen direnak, indartsuak. Bi hauen artean nagusitzen denak eta aurrean gehien asmatzen duenak lortuko du txapela janztea”.
