Agerraldia egin dute Aiaraldeko oposizio politikoko alderdiek, 'Hiltegia Ez Itxi' plataformako kideekin batera, zerbitzuaren berrezartzea exijitzeko. Adie, Aiara Batuz, EH Bildu, Okondo Aurrera, Omnia, Orain Amurrio, Alderdi Popularra eta Elkarrekin Podemos - IU talde politikoetako ordezkariek parte hartu dute Aldai Plazako agerraldian.
'Hiltegia Ez Itxi' plataformak zerbitzuaren berrezartzea eskatzeko mobilizazioa antolatu du larunbaterako
Lehenengo sektorea Aiaraldeko motore ekonomikoetako bat dela azpimarratu dute alderdi politikoetako ordezkariek. Laudioko eta eskualdeko landa-ingurune zabala, anitza eta hiriguneekin ondo lotua nabarmendu dituzte sektorearen etorkizunerako berme gisa. "Landa-inguruneko biztanleria sendotzeko sustraitze-estrategia berriak koordinatu behar dira, lehen sektoreari balioa emanez, oinarrizko zerbitzuak emanez eta hiriguneak eta horien periferiak hobetuz".
Zentzu horretan, Laudioko Udal Hiltegiaren itxierak eskualdeko baserritar eta saltoki txikiei kalte handia eragin diela nabarmendu dute alderdi politikoetako ordezkariek. Are gehiago, erabakia Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko ponentzian jasotako ondorioen kontra doala erantsi dute.
Laudioko Udalari eskaera
Hori dela eta, Laudioko Udalari eskatu diote hiltegiaren birgaiztea eta eguneratzearen bideragarritasuna aztertzea, eta zerbitzua ahalik eta lasterren berreskuratzeko izapideak egitea.
Udal Gobernuari bakarrik ez ;Jaurlaritzari, Alduniei eta Aiarako Kuadrillari ere zuzendu dizkiete mezuak oposizioko ordezkari politikoek. Arazoaren konponbidean inplikatzea eskatu diete erakunde publiko desberdinei, hala nola zerbitzuaren mankomunizazioa aztertuz.
Manifestazioa Larunbatean
'Hiltegia Ez Itxi' plataformak zerbitzuaren berrezartzea eskatzeko mobilizazioa antolatu du larunbaterako -azaroak 11-. Manifestazioa Laudioko Gurutze Gorritik abiatuko da, arratsaldeko 17:00etan. Adie, Aiara Batuz, EH Bildu, Okondo Aurrera, Omnia, Orain Amurrio, Alderdi Popularra eta Elkarrekin Podemos - IU talde politikoek protestara batzeko deia egin dute.