Laudioko Udalak ekitaldia antolatu du Gabonetako zuhaitzaren argiak pizteko. 18:00etan izan da hitzordua Herriko plazan, eta euria medio, arkupeetan elkartu da jendea.
Arloteek eta Andere Abesbatzako kideek gabon kantak abestu dituzte bertan, eta trikitilarien txanda iritsi da segidan.
Aurtengo Gabonetako zuhaitza Vidralak prestatu du, eta ardo botila hutsekin osatua dago. Eremua hesituta badago ere, plazaren erdigunean kokatu dute eguberrietako ikurra; eta argiztatuta egongo da Gabonak bukatu arte.