Euriak ez ditu Aiaraldeko baserritarrak gelditu, eta jendetza elkartu da Laudioko hiltegiaren irekieraren aldeko manifestazioan. Azpiegituraren itxierak eskualdeko abeltzainak eta harakinak kinka larrian jarri dituela nabarmendu dute beste behin, eta lehen sektorearen defentsan borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute.
Ahaldunduta daudela azpimarratu dute plataformako kideek, eta sektore desberdinetako herritarrak batuta ikustea aurrera jarraitzeko energia ematen diela aitortu dute: "Kontuz ibil daitezela, eskualde honetako langileria esnatu dute eta ez gara isilduko dagokiguna lortu arte: errespetua eta bizitza duina!".
Borondate politiko falta
Irailean burutu zuen plataformak hiltegiaren irekieraren aldeko azken mobilizazioa, eta geroztik gauza asko aldatu direla azaldu dute. Baserritarren iritziz, Udal Gobernuaren argudio guztiak "banaka banaka joan dira indargabetzen".
Hiltegiaren itxiera borondate politiko faltari leporatu dio plataformak: "Arduradun politikoen erantzukizuna ez da arazoak sortzea arazoak ez zeuden tokian. Bere erantzukizuna konponbideak bilatzea da, publikoa babestea eta herritarren zerbitzura jartzea. Gai ez badira, ez ditugu behar".