Esnatu naiz antzezlana eskaini zuen Andoni Mutiloak atzo Faktorian. Dozenaka lagun bertaratu ziren musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen kabaret formatuko emanaldiaz gozatzera. “Ziztu bizian igaro zait saioa, ohikoan baino gehiago, eta hori positiboa da, noski”, aitortu zuen aktoreak obraren amaieran eginiko hitzartzean. Oso eroso sentitu zela aipatu zuen sortzaileak, eta eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei.
Arabako lehen zita
Mutiloak azaldu zuenez, dozenaka aldiz taularatu dute kabareta, baina Faktoriakoa izan da Araban aurkeztu duten lehenbiziko aldia. “Datorren astean Gasteizko Baratza aretoan egongo gara ostiralean, eta Bilboko La Fundiciónen larunbatean. Antzerkia gustatu bazaizue zuen lagunei luzatu ahal diezue saio horietara bertaratzeko deia”.
Horrez gain, Elur.eus webgunean sartzeko gonbita egin zuen antzezleak. “Bertan topatu daitezke emanaldiko abestiak eta beste hainbat material”.