Abenduaren 23an Maridomingi eta sorginak ikuskizuna eskainiko du Kokoriko Hezkuntza Faktoriak. 18:00etan izango da emanaldia, Faktorian bertan (Errotari kaleko 4-8 pabilioia, Laudio). "Erdigunean jarri nahi genuen Maridomingi, berari eta bere bizimoduari plaza eskaintzeko. Ez abenduaren 24an ezagutzen dugun Maridomingi hori, baizik eta egunerokoan aritzen dena", adierazi du Julene Onaindia Garciak.
Lantalde bat osatu dute horretarako, eta datorren asteko emanaldiaren prestaketa lanetan daude murgilduta egunotan. "Iaz Maridomingi protagonista duen ipuina sortzen hasi ginen, eta horren harira ikuskizun xumea egiteko aukera ikusi genuen", erantsi du, "Maridomingi Aiaraldeko sorginekin elkartuko da Faktoriako plazan, bera ere sorgina baita".
"Olentzeroren eskutik ordez, Aiaraldeko sorginen eskutik helduta azalduko zaigu. Emakumeen* indarra eta ahizpatasuna nabarmendu nahi ditugu"
Modu horretan nahi dute landu Maridomingiren egunerokotasuna, beste ikuspegi bat zabaltzeko, eta Maridomingi pertsonalki ezagutzeko: "Olentzeroren eskutik ordez, Aiaraldeko sorginen eskutik helduta azalduko zaigu. Emakumeen* indarra eta ahizpatasuna nabarmendu nahi ditugu".
Ildo beretik, erlijio kutsua alboratu nahi dute, eta "Gabonetako eskualdeko aintzinako tradizioa eta istorioak ezagutu".
Izen-ematea zabalik dago www.faktoria.eus atarian, eta ikuskizuna Aiaraldeko bizilagun guztiei zuzendua dago. "Euskara batzeko hitzordu hobezina da. Maridomingiri merezi duen plaza eta berotasuna eskainiko dizkiogu".
Maridomingi, erdigunean
Olentzerok hartu ohi du etxe guztietan protagonismoa gabon gauean, istorioetan duen presentzia ikusi baino ez dago horretaz jabetzeko. "Maridomingi toki askotan laguntzaile edo inkluso bikote moduan azaltzen zaie haurrei. Bigarren mailako pertsonaia da, bigarren mailako protagonismoarekin", kritikatu du Kokorikoko kideak. Errelato horrekin apurtu nahi izan dutek ekimenaren bidez, "Maridomingiren iruditegia zabaldu eta bestelako balio eta funtzio batzuk eman nahi izan dizkiogu. Oso gai da protagonista zein ekintzailea izateko, eta etxe zein bihotz guztietan poztasuna, berotasuna eta opariak banatzeko".
