Egitasmo berri bat abiatuko du datorren urtearen hasieran Laudioko Hizkuntza Normalkuntza eta Identitatea udal zerbitzuak: “Sorlasean”, haurrentzako antzerki ikastaroa. Umeak arte eszenikoetan trebatzea izango da xedeetako bat, baina ez bakarra. “Helburuak ere izango dira gorputz adierazpena areagotzea, zentzumenak lantzea eta, batez ere, aldi berean, euskararen erabilera eta ezagutza sendotzea”, azaldu dute antolatzaileek.
2010 eta 2014 urteen artean jaiotako haurrei bideratutako ekimena izango da, eta urtarrilaren 17an hasi eta apirilaren 6an amaituko da. Kultura etxean izango dira saioak, astelehenero, 17:30etik 18:30era. Josune Garcia de Vicuña arduratuko da klaseak dinamizatzeaz.
Matrikulazioak 20 euroko kostua izango du, eta urtarrilaren 3tik 11ra egongo da izena emateko epea. “Eskaera kopurua eskaintza baino handiagoa balitz, zozketa publiko bat egingo litzateke urtarrilaren 12an, 9:00etan”, zehaztu du Euskara Arloak. Izan ere, leku kopuru mugatua dago, 16 haurrek hartu dezaketelako parte gehien jota.