‘Itziber’ proiektua sortu dute Itzi Azkarate eta Alberto Villarrek. Agerian abestia grabatu eta bideoklipa plazaratu dute, Laudion grabatutako eszenak 3D animazioarekin uztartuta.
Musika elektronikoa eta euskarazko letrak bateratu dituzte abestian, eta horrela egingo dute aurrerantzean ere. “Elkar ezagutzen genuen, eta behin Albertok bere abesti batean ahotsa jartzea eskatu zidan, horrela sortu zen proiektua”, azaldu du Itzi Azkaratek. Bera arduratu da letra egiteaz. “Harremanak ditu hizpide kantak, lagun, bikote zein senideen artekoak”, azaldu du abeslariak.
Aurreratu duenez, sortu dute dagoeneko bigarren abestia. “Ahotsak grabatu ditugu, eta Laudioko Lamuza Parkeko Kasinoan egon ginen iragan igandean bideoklipa grabatzen”. Hala ere, oraindik ez dute sareratuko, “Albertok denbora nahiko beharko duelako abestia nahastu eta bideoko animazioak sortzeko”. Hirugarren abesti bat ere dute tintontzian, baina hori aurrerago garatuko dute.
Proiektua kasualitatez sortu zela aitortu du Azkaratek, eta aitortu du ez dakiela zer nolako garapena izango duen. Hala ere, bi sortzaileek nahiko argi dute beti formula bera erabiliko dutela. Ez dute diskorik sortu nahi, animaziozko bideoklipak baizik. “Albertok elektronika jartzen dio proiektuari, eta nik rocka”.