Ekimen berri bat antolatu dute Aiaraldeko kirol eta osasun zentroek. San Silvestre ‘Belatza’ izena jarri diote ekimenari, abenduaren 31n (San Silvestre egunean) egingo baitute. CrossFit Gorobel kirol-gunean hasiko da 16:00etan, eta Laudioko Industriagunean barrena garatuko da.
CrossFit Gorobel arduratuko da, hain zuzen, ekimena antolatzeaz, eta Chok Dee Gym, Hajime Kirol Kluba eta Kiden zentroa izango ditu bidelagun. Amurrio Trail Taldeak eta Laudioko Txirrindulari Elkarteak ere parte hartuko dute ekimenean.
Kirola ikustaraztea izango da egitasmoaren xedea, osasunarentzako onuragarria den gauza bat dela aldarrikatzeko. Talde kirolean jarriko dute begirada, balio duelako “arrakastak eta akatsak partekatzeko, kidetasuna sortzeko eta konpromiso zein motibazio handiagoa izateko”.
Zirkuituaren nolakotasuna
Zirkuituak 2 kilometro izango ditu, eta running eta crossfit diziplinak uztartuko ditu. Izen ematea itxita dago dagoeneko. 4 pertsonako 14 talde arituko dira norgehiagokan.
