Kontzertu berezia eskaini du Korrontzik gaur Laudion. Berezia, 2022ko lehena izan delako; baina, batez ere, Laudioko dozenaka dantzari igo direlako oholtzara trikitiaren erritmora dantzatzera.
Itxarkundia, Andere, Untzueta eta Akelarre dantza taldeetako kideek hilabeteak eman dituzte gaurko emanaldia prestatzen, Izaskun Iturri irakaslearen esanetara.
Agus Barandiaranek zehaztu duenez, Laudion jotzen duten bosgarren aldia izan da aurtengoa. “Aurrekoa kontzertu berezia izan zen, Itxarkundia taldeko kideak igo zirelako gurekin oholtzara”, oroitu du Korrontziko trikitilari eta abeslariak, “baina aurtengoa are bereziagoa da, Laudioko dantza talde guztiak batu baititugu”.
Dantzariak ez dira izan oholtzara igo diren aiaraldear bakarrak. Barandiaranek Aitor Aspururi luzatu dio oholtzara igotzeko gonbita, emanaldiaren erdian. Xabier Berasaluze 'Leturia'-ren eserlekua hartu du musikari amurrioarrak abesti batean.
Dantzari guztiak igo dira oholtzara emanaldiaren amaieran, bertaratutako ehunka ikusleen txaloen artean. Bideo honetan ikusi daiteke une hori, kontzertuko azken abestiarekin batera: