Pandemiaren kudeaketak markatu du hein handi batean urteko jarduna. Nola baloratzen duzue udaletik egindako lana?
Urte zaila izan da. COVID-19ak oso egoera arraroa sortu du Laudion, oso gorabeheratsua. Horrek asko zaildu du bere kudeaketa. Baina, egia da, iaz baino prestatuago heldu diogula pandemiaren erronkari.
Laudioko bizikideek orokorrean oso ondo erantzun diote egoerari. Kasu bakan batzuk egon dira, beste leku guztietan bezala, non arauak errespetatu ez diren, baina orokorrean harro egon gaitezke herriak erakutsitako jarreraz.
2020an udalak hainbat dirulaguntza jarri zituen abian merkatari eta enpresa txikiak laguntzeko, eurak izan baitira sektore kaltetuenetako bat. Bestelako partida batzuk ere gehiago handitu izan genituen, inor atzean geratu ez zedin. Aurten bide berdinetik egin dugu, eta 2022an ere mantendu egingo ditugu laguntza horiek.
Beste alor batzuetan ere hartu izan ditugu neurriak, kulturan esaterako. Egoera zaila izan da eragile kultural askorentzat. Ni neu abesbatza bateko kidea naiz, eta profesionalak izan ezean ez zegoen entseatzeko aukerarik. Biana posible izan denean Udalak eskura dituen espazio guztiak jarri ditu eragile kulturalen eta sortzaileen eskura. Kultura segurua aldarrikatzeko hainbat egitarau prestatu dira ere, hala nola udaberrian eta udan izandako programazioa.
Orokorrean balorazioa ez da batere txarra.
"Zoriontzekoa da Tubacexeko langileek lortu dutena"
Tubacexeko greba mugagabeak ere markatu du aurtengo agenda. Nola bizi izan duzue lan gatazka?
Egoera oso zaila izan da. Tubacexek hartu du garrantzia, baina eskualdeko beste enpresa askotan galdu dira lanpostuak. Hor daude Valvospain eta jarduera bertan behera utzi behar izan duten beste enpresa txiki asko.
Kezka nagusitu da herrian, eta laudioar guztiok sumatu dugu langileen ezinegona. 600 familia baino gehiago zeuden Tubacexeko greba mugagabearen atzean. 8 hilabete eman dituzte greban beraien eskubideak defendatzen. Zoriontzekoa da egin dutena eta lortu dutena.
Hiltegiaren aferak ere hautsak harrotu ditu. Zein egoeratan dago orain zerbitzuaren etorkizuna?
Asko hitz egin da hiltegiaren inguruan orain arte. Kontua ez da batere erraza, bi prozesu judizial daude zabalik oraindik gaiari lotuta; horrek zer pentsatu eman behar du.
Hiltegiaz aritzeko alor asko izan behar dira kontuan, eta ez bakarrik kudeaketa arazoei dagozkionak. Azpiegitura oso zaharkitua dago, 1965. urtean eraiki zen, eta urte guzti hauetan egindako hobekuntza lanak beti geratu dira eskas. Azpiegituraren tamaina txikiak ere asko zailtzen ditu gauzak, erreka eta trenbidearen artean ahokatuta dago, eta hau handitzea ezinezkoa da. 2020an 3.080 behi hil ziren bertan; hiltegiaren tamaina ikusirik leku hori ez dago prestatuta abere kopuru hori hartzeko.
Araztegi falta kontuan hartu beharreko faktorea da ere. 2019an onartutako ordenantza mahai-gainean jarriz, hiltegiak ez zuen betetzen hondakinak kolektorera botatzeko araudiarekin. Horri heltzeko proiektu bat garatu zen, eta hainbat erakundeetatik igaro ostean 900.000 euroko inbertsioa suposatzen du honen egikaritzeak
Ez dut uste gaur egungo hiltegia XXI. menderako azpiegitura bat denik, ez du etorkizunik. Gaur gaurkoz 18.000 biztanleko herri bateko udal bat ari da aferaren inguruko presioa jasaten; gaia, ordea, Eusko Jaurlaritzan edota Arabako Batzar Nagusietan eztabaidatua izaten ari da. Aztertu ditzagun aukera guztiak, eta Laudion izan behar badu, izan dadila, baina izan dadila XXI. mendeko hiltegi bat, eta ez azpiegitura zaharkitu bat.
Bien bitartean, Laudioko hiltegia erabiltzen zuten pertsonentzat dirulaguntza bat aterako dugu urtarrilean atzeraeraginezko izaerarekin, 2020ko uztailetik aurrera izandako gastuei aurre egiteko. Guk ordainduko dugu abeltzain horien desplazamendua.
“Aztertu ditzagun aukera guztiak, eta hiltegi berria Laudion izan behar badu izan dadila, baina izan dadila XXI. mendeko hiltegi bat, eta ez, orain artekoa bezalako azpiegitura zaharkitu bat”
Urtearen errepasoa amaitzeko, zeintzuk izan dira udalak aurten aurrera atera dituen proiektuak?
Zailtasunak zailtasun, aurrekontuetan jasotako kontu gehienak aurrera egiteko gaitasuna izan dugu. Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsetik milioi bat euro gutxiago jaso ditugu aurten, eta gure gain hartu dugu ikastetxe eta erakin publikoetako garbiketan egindako errefortzu nabaria.
Asko izan dira, ordea, gauzatutako lanak. Batzuk aipatzearren: Bidezarretako euste-horma berreraiki eta sendotzea, Oketa kaleko birmoldaketa, liburutegi berriaren esleipena, adinduen klubeko irisgarritasuna bermatzeko lanak... Badira ere epe laburrean gauzatuko diren bestelako ekintzak, izan 'pump track'-a edota 'Españica etxea'-ren eraistea.
Gainerako erakundeekin lankidetzan hainbat obra lortu ditugu: Anbulategi berria, Altzarrate zubiko obrak edota San Juan erreka bideratzeko lanen esleipena. Altzarrateko zubi berriari esker zabor bilketa neumatikoa ezarri ahalko dugu Jose Matia eta Virgen del Carmen kaleetan. San Juan errekako lanek, aldiz, babes ofizialeko bi etxebizitza eraikin egitea ahalbidetuko dute.
Eta datorren urteari begira, zeintzuk dira udalaren erronkak?
Hainbat inbertsio eta proiektu jarri ditugu mahai-gainean datorren urteko aurrekontuetan Errekuperazio ekonomikoaren alorrean, esaterako, 40.000 euro jarri ditugu kontratazioak laguntzeko eta beste 263.000 euro enplegu planak sustatzeko. Alokairua sustatzeko gazteentzako laguntza berezi bat atera dugu, jakin badakigulako zeinen zaila den Laudion emantzipatzea. Kultura arloan ere inbertsioak egingo ditugu, musika programaziorako 40.000 euro, adibidez. Nik uste proiektu oso interesgarriak ditugula aurretik, baita obra eta berrikuntza ugari ere. Horien artean rokodromoa dugu, herriko eskaera historikoetako bat. Aurrekontutik kanpo, antzokia egikaritzeko 5,2 milioi euroko inbertsio potoloa daukagu, datorren urtean zehar egikaritzen hasiko dena.
Legealdi zaila ari da izaten, baina datorren urtea azken biak baino hobeagoa izango delakoan nago. Egitasmo interesgarriak ditugu aurretik herriari buelta bat emateko.