Gaizka Pujanak brontzezko domina lortu du Euskadiko Selekzioarekin

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 8a, 19:06
Gaizka Pujana lortutako dominarekin. / Kuskumendi Taldea

Taldeka egindako proban 3. postua eskuratu zuen atzo Euskadiko Selekzioarekin Xativan, Valentzian.

Asteburua Xativan igarotzen ari da Gaizka Pujana, Espainiako Ziklokrosean parte hartzeko. Master 40 kategoriako ordezkaria da laudioarra, Javier Ruiz Larrinaga Euskadiko Selekzioko hautatzailearen deia jaso ostean. "Plazera da maite dituzun koloreak defendatzeko aukera izatea", azaldu dio txirrindulariak Aiaraldea Komunikabideari.

Euskadiko Selekzioko ordezkaria izateko hautatua izan da Gaizka Pujana, Master 40 kategorian, hain zuzen.

Berez, atzo hasi zen txapelketa eta txandakako proban hartu zuen parte laudioarrak. Kategoria guztietako taldekideak aritzen dira horretan eta zirkuitua bete behar dute. Gaizka Pujanak oso pozik bukatu zuen Euskadiko Selekzioaren lanarekin: "Ez dugu akatsik egin eta horri esker 3. postua eskuratu dugu. Proba hau oso polita da, hainbat txirrindulariek parte hartzen dutenez, estrategiak badu zerikusia eta azken unera arte zaila da jakitea nork irabaziko duen".

Brontzezko domina eskuratu ostean, gaur bere kabuz lehiatu da: "Euskadiko mallota utzi eta Kuskumendi taldekoa jantzi dut. Eskerrak eman nahi dizkiet Koba Cyclingi, Abiaga Jatetxeari, San Jose Harategiari eta Alex Tailerrari, gure babesleak baitira".

Hain zuzen, 7. geratu da bere kategorian eta 10. Master 40ko kategoriako txirrindulari guztien artean. Pujanak pozik dagoela adierazi du, baina postu hobea lortzeko aukerak izango lituzke bestelako zirkuituan: "Xativako zirkuitua oso lehorra izan da eta niretzat egokiagoa da lokatza. Horrez gain, lehenengo postuetan nengoelarik, matxura txikia izan dut eta lauzpabost lehiakidek baliatu dute ataka aurreratzeko. Edonola ere, pozik nago eta bada garaia denboraldia bukatzeko, hanketan nekea sumatzen baitut".

10 aldiz igo da laudioarra podiumera indarrean dagoen denboraldian. Besteak beste, lau lasterketa irabazi ditu.

Pujanarekin batera Kuskumendi taldeko hainbat lagun joan dira norgehiagokara. Gainera, laudioarrak uste du esperientzia bikaina izango dela bere seme-alabentzat: "Zirkuitua jendez gainezka dago, jarraitzaile mordoa etorri baita bere selekzioa animatzera. Gainera, uste dut irakaspen ona izango dela umeentzat, ulertu ditzaten txirrindularitzaren balioak eta ikus dezaten entrenamenduen garrantzia".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide