Ordenantza berriaren aurkako helegitea aurkeztu dute azokako merkatariek

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 11a, 14:44

Egoera salatzeko kartelak jarri dituzte merkatariek ostegunetako azokan. / Naroa Urkijo

Laudioko Udalak onartutako ordenantza berriak ostegunetako azokako hainbat merkatariren postua kolokan jartzen duela salatu dute. Hori dela eta, sinadura bilketa egin dute, eta ostegunean aurkeztuko dituzte atxikimenduak.

Laudioko Udalak onartutako ordenantza berria baztertzailea dela salatu dute Laudioko ostegunetako azokako merkatariek. Merkatuko lizentziak 2009an entregatu ziren, orduan onartutako ordenantza izan da gaur egun arte indarrean mantendu dena. Lizentziek 5 urteko jarduera arautzen zuten, eta bi aldiz berritua izan da (2014 eta 2019. urteetan).

Gauzak horrela, 2024ra arte azokan aritzeko baimena zuten merkatariek, 2021ean Laudioko Udalak ordenantza berria onartu zuen arte. "Ordenantza berria merkatarion antzinatasuna errespetatu gabe osatu da, eta baztertzailea da askorentzat" adierazi dute ostegunetan postua jartzen duten hainbat saltzaileek.

Araudi berriak 12 urteko esperientzia eskatzen die merkatariei salmenta ibiltariaren arloan, eta saltzaileen kexa eragin du horrek: "araudi berriak aukerarik gabe uzten ditu merkatari berriak, jende gaztea... merkatuan aritzen diren askok postua galduko dute".

Udalarekin bilerak

Ordenantza berriak onartuko zirela jakitun, Udal Gobernuarekin bilera egin zuten Laudion postua jartzen duten hainbat saltzaile ibiltarik. Aiaraldea Komunikabideari azaldutakoaren arabera, orain arteko postuak errespetatuko zituela adierazi zien tokiko erakundeak. "Ez dute hitza bete eta araudi baztertzailea onartu dute" adierazi dio saltzaile batek komunikabideari.

Bigarren bilera bat eskatu zuten, baina udalak uko egin zion batzartzeari: "Ez zuten gutaz ezer jakin nahi". Hori dela eta, hainbat merkatarik epaitegietara jo zuten errekurtsoa aurkeztera. "Akordioa bilatzen saiatu gara, baina Udal Gobernuak ez du nahi izan. Gaur gaurkoz epaileak ordenantza berria kautelazko neurri gisa bertan behera uzteko zain gaude".

Bien bitartean, sinadura bilketa abiatu dute, eta ostegun honetan -urtarrilak 14- entregatuko dituzte udaletxean. "Gure lanpostuak defendatzen ari gara, batzuek gu langileak ez garela pentsatu arren. Merkatua debaluatzen ari dira hartutako erabakiarekin".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide