Sugarrak klubeko talde juniorrak denboraldiaren bigarren zatia Arabako 1. mailan jokatzeko txartela eskuratu zuen asteburuan. Horretarako, lehenik eta behin, lehenengo sailkatu zen denboraldi erregularreko ligaxkan. Horrek aukera eman zion Laudion bertan antolatzeko asteburuan eginiko finalaurrekoak eta finala.
Hortaz, laudioarrek etxean jokatu zituzten bi partidak udal kiroldegian, eta jende ugariren babesa izan zuten, 100 lagun baino gehiago bertaratu baitziren norgehiagokak ikustera. Gauzak horrela, larunbatean Ekialde kluba menderatu zuten Sugarrakeko juniorrek, eta igandean 12:00etan jokatu zuten finala.
Igandeko hitzorduan Laudioko gazteek ez zuten kale egin eta Lakuari irabazi zioten 58-49 puntuaketa lortuta. Txapeldunak izanik, 1. mailan arituko dira denboraldiaren bigarren zatian. Klubeko arduradun batek azaldu duenez, kategoriari eustea izango da euren helburua.