Ugarte auzoko Españica Etxea botatzeaz arduratuko den enpresa kontratatzeko prozesua abiatu du Laudioko Udalak. Lursaila "gutxieneko baldintza urbanizatuetan uztea" da udalaren helburua, “gune segurua izan dadin”.
Kontuan hartu behar da zonalde horretan hainbat bide batzen direla: Goienuri kalea eta Sagasti, Ellakuri eta Isasi auzoetako sarbideak.
Gauzak hala, espaloiak zabalduko dituzte, zonaldearen irisgarritasuna hobetzeko.
Behin kontratua eginda, aukeratutako enpresak hilabeteko epea izango du lanak egiteko. 69.999,56 euro jasoko ditu horren truke.
Aspalditik datorren proiektua
Laudioko Udalak azaldu duenez, denbora asko igaro da eraikina eraistea planteatu zenetik. Udalak duela zenbait urte desjabetu zuen, botatzeko asmoarekin. Hasierako helburua biribilgune bat eraikitzea zen, baina proiektu horrek 2,3 milioi euro balio zituen, eta horregatik baztertu zuten.