Kepa Sojo eta Sonia Palacios ICOFF Gasteiz zinema jaialdia prestatzen ari dira dagoeneko. Sojok adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari egitasmoaren ezaugarri bereziena dela nazioarteko proiektua izango dela: "Aurten antolakuntzakook ari gara hautatzen eskainiko diren nazioarteko film laburrak. Oscar sarietan edota Canneseko jaialdian egon dira batzuk. Munduko pelikula onenak proiektatu nahi ditugu, baina tokiko sortzaileak ahaztu gabe".
Edonola ere, nazioarteko lehiaketa hurrengo urtean hasiko da. Izan ere, aurten Espainiako Estatuko izaera izango du eta sari bereziak egongo dira euskal filmeentzat, euskaraz egindakoentzat eta Araban ekoiztutakoentzat.
Jadanik pelikulak jasotzen ari dira eta lanak bidaltzeko epea otsailaren 18an amaituko da. Berez, jaialdia apirilaren 4tik 9ra bitartean egingo dute eta zinema ez ezik, bestelako eskaintza landuko dute. Kepa Sojok iragarri du master-classak antolatuko dituztela eta amaiera ekitaldia umoreari lotuta egongo dela. Edonola ere, martxoaren amaierara arte itxaron beharko da egitarau osoa ezagutzeko.