Nola murgildu zinen astrografiaren munduan?
Astrografia edozein motatako astroei argazkiak ateratzean datza. Nik betidanik nahi izan dut teleskopio bat, txikitatik dugun irudikapen erromantiko horretatik tiraka; izarrei begiratu, identifikatu... 2020ko konfinamenduaren ostean bat erostea erabaki nuen. Ez genekien zenbat luzatuko zen pandemia egoera, berriro ere etxera itzuli beharko ginen, eta badaezpada nirekin nahi nuen teleskopio bat (barreak). Teleskopio sinple batekin hasi nintzen etxeko balkoitik izarrak begiratzen, begi hutsez erabiltzen diren okularrekin.
Nolakoa izan da zure garapena astrofotografian?
Hasieran, ohikoa den bezala, eguzki-sistemako elementuak behatzen hasi nintzen; ilargia, planetak... Gutxika-gutxika har bat hazi zen nire barnean, eta, afizio guztiekin bezala, geroz eta gehiago nahi duzu, geroz eta hobeto... Materiala ere hobetuz joan nintzen. Jabetzen zara lurrak ere bere mugimenduak dituela eta tripode sinple batekin ez dela nahikoa, segituan ateratzen zaizkizula enkuadretik objektuak, horrek haserrarazi egiten ninduen.
Begi hutsez ikustetik, telefono mugikorraren kamara okularrean jarriz argazkiak egitera igaro nintzen, eta, gerora, argazki kamara teleskopioan bertan jartzeko adaptadorea erosi nuen. Tripode motorizatu bat ere eskuratu nuen, lurraren errotazio mugimenduarekin batera mugitzen dena (lurraren mugimenduaren kontrakoa egiten du).
Orain arte galaxia eta izarrei ateratako nire argazkirik onenak domeinu publikoan jarri ditut: https://t.co/CHUj0oADEr @euwikipedia @luistxo pic.twitter.com/0mnE4xxmO4
— Urtzi Odriozola (@urtzai) January 10, 2022
Fotografiatutako elementuetan ere aurrerapena izango zenuen.
Bai, hasieran esan bezala, eguzki-sistemako elementuei argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta gerora urrutiago dauden objektuak fotografiatzera pasa nintzen; galaxiak hasieran, eta are elementu lausoagoak ondoren, nebulosak kasu. Azken horiek denbora gehiago exijitzen dute. Planeta edo ilargi bati argazkia egitea nahiko erraza da, baina super-noba baten hondar gasei argazkia ateratzeak hainbat orduko lana eskatzen du: esposizio oso luzeko argazkiak atera behar dira, eta guzti hauek pilatu emaitza ikusi ahal izateko.
Zaletasun honek kosmosaren inguruko ezagutza eskatzen du. Zure kasuan, nola jaso duzu ezagutza hori?
Erabat autodidakta izan naiz. Pixkanaka joan naiz ezagutza hori barneratzen. Begi hutsez izarrei begira hasterakoan mugikorrerako aplikazio bat deskargatu nuen, izarrak, konstelazioak eta bestelakoak identifikatu eta hauek ezagutzen joateko.
Tekonologia berriek gauzak asko erraztu dituzte. Gaur egungo ordenagailuekin erabat konputerizatuta dago dena, koordenada batzuk sartuta teleskopioak segituan aurkitzen du bila zauden hori, automatikoki.
Interneten ezagutza asko dago, sakondu nahi izanez gero bertan dago beharrezko informazio guztia.
Etxeko balkoitik abiatu duzun zaletasunak beste inora eraman zaitzake?
Tresneria nahiko astuna da, eta behatoki txiki bat da balkoian montatuta dudana. Planifikazio asko behar da, gauza asko milimetrora daude neurtuta. Hori dela eta, ez dut ekipoa gehiegi mugitzen. Familiaren baserrira eraman izan dut inoiz, eta orduan atera ditut orain arte ateratako argazkirik onenak, inguruko eraikinen edota argi-kutsaduraren hainbesteko mugarik gabe. Baina ez da zertan egundoko ekipoa behar zeruko objektuei argazkiak egiteko, kamara batekin nahikoa da askotan. Oporretan goazenean horrela ibiltzen naiz ni sarritan. Polita da leku berrietara joan eta izarren kokapena ikusita orientatzea.
Zeintzuk dira fotografiatu dituzun kosmoseko elementurik esanguratsuenak?
Denetarik atera dut: ilargia osorik, ilargiko kraterrak, Jupiter eta Saturno, filtro berezi batzuk erabiliz eguzkiari ere atera dizkiot argazkiak... Gerora ekipo teknikoa hobetu ahala, galaxiei argazkiak ateratzen hasi nintzen, Andromedari esaterako.Nebulosei ere atera dizkiet argazkiak: Orioneko zaldi-burua deritzonari, Erroseta nebulosari.
Ateratako argazkiak Creative Commons lizentziarekin sareratu dituzu.
Bai, ni informatikaria naiz, eta betidanik gustatu izan zait partekatzearen kultura librea. Hori dela eta, Wikimediara igo ditut zenbait argazki, askoz hobeto nire zaletasuna horrela partekatuta beste batzuk gozatu ahal badute! Erabilera libreko argazkiak dira, edonork hartu, editatu eta partekatu ditzake, betiere gutxieneko aitortza eginez egiletzari. Konturatu naiz ere, uste baino jende gehiago dagoela Euskal Herrian gai honekin interesatuta, poztekoa da hori!