Tenperatura hotzari korrika egin diote aurre zenbait aiaraldearrek gaur Laudion. Izan ere, XIV. Laudio Herri Krosa antolatu dute igande goizerako, eta ohi gisa, arrakasta handia izan du. Guztira, ia 300 lagunek hartu dute parte. Alberto Talledo Laudio Atletismo Klubeko kidearen hitzetan, 290 lagunek egin dute korrika: "Oso balorazio positiboa egiten dugu izandako harreragatik".
8.047 metroko ibilbidea osatu behar izan dute guztiek, Aldai plazatik abiatuta herriko plazako helmugara iristeko. Tartean, Gardea eta Areta lotu dituzte, besteak beste. "Oso ondo antolatuta egon da, pozgarria da horrenbeste boluntario topatzea laguntzeko prest", zehaztu du Talledok. Horrez gain, herritarren "harrera beroa" goraipatu du, "jende asko egon da errepide bazterrean korrikalariak animatzen eta ikusten".
11:00etan atera dira Aldai plazatik, herritarren txalo artean:
Laudioko Herri Krosa jokatu dute gaur goizean. 11:00etan atera dira 300 partaide inguru 8 miliako zirkuitua osatzera. Irteera ikusi nahi?pic.twitter.com/empOdETC6C
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 23, 2022
Podiuma
Sailkapenari dagokionez, ondorengoak izan dira garaileak, emakumezko zein gizonezkoen kategorietan:
- postua: Diana Vecillas eta Koldo Ayesta
- postua: Ane Gurtubay eta Unai Ibarra
- postua: Inma Pereiro eta Alberto Diaz
Partaideen emaitzak Kirolprobak.com webgunean plazaratuko dituzte, aurreratu dutenez.
Umeen proba bertan behera geratu da, pandemiaren neurrien ondorioz. "Eskola kirola alboratu denez, ezin izan da 12:00etan aurreikusitako lasterketa egin", gehitu du Irati Morenok, antolakuntzako kideak.
Laudioko azkarrenak
Podiumean herriko lasterkaririk arinenak ere saritu dituzte. Emakumezkoen kategorian Ane Lopez gailendu da, eta gizonezkoenean Josu Apraiz.