Etorri berriak euskarara nola hurbildu? Nola lagundu euskara ikasteko prozesuan? Hori da Laudioko Udalak, udalerriko ikastetxeekin elkarlanean, 2019an abiatutako programaren erronka nagusia. Laudio Institutuko, La Milagrosa ikastetxeko eta Laudio Ikastolako DBHko ikasleek parte hartzen dute, honezkero bere hirugarren edizioan sartuta dagoen programan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatutako gazte migrante askok aurkitzen duten errealitatea da ikastetxe berri batean hasi eta beren buruak euskarazko murgiltze eredu baten barruan aurkitzea. Bizitoki berri bat, ikastetxe berri bat eta hizkuntza berri bat, zerotik hasteko abiapuntu hirukoitza.
Harrera oso bat euskaraz
Egitasmoaren helburua ez da soilik gazte etorri berriek euskara maila jakin bat eskuratzea, baizik eta euskaratik eta euskaraz Laudiora ongi etorria ematea. Euskara euren bizitoki berria ezagutzeko tresna bilakatu eta adin bertsuko beste gazte batzuekin harremantzeko bidea izatea.
Horretarako aisialdia du ardatz programak, euskaraz disfrutatzeko espazio atsegin bat eraikiz. Astean egun batez elkartzen dira programan parte hartzen duten gazteak, eta asanbladan adosten dituzte egingo dituzten ekintza desberdinak, non beti ere euskarak protagonismo berezia izango duen. 10-15 lagun elkartzen dira, eta Laudio Institutko azpiegitura erabiltzen dute horretarako, baina jarduera asko ikastetxean egiten badituzte ere, beste ekintza batzuk herrian garatzen dituzte. Izan ere, herria ezagutzea eta bertan murgiltzea programaren beste helburuetako bat da.
Euskara harremantzeko tresna erabilgarria dela aldarrikatu nahi dute gazte etorriberriekin egindako saioetan
Lotsak alboratuz
Euskara ikasteko eskolak dira Laudioko Udalak abiatutako programa honetako saioak, baina hizkuntza zuzentasunak ez du aparteko garrantziarik, ez idazmena edo gramatika lantzea bertan. Ahoskotasuna eta entzumena lantzea dira helburu nagusiak, gazte etorri berriak euskara entzun eta erabiltzera ohitzeko.
Horretarako, orotariko jarduerak antolatzen dituzte: hiztegia ezagutzeko jolasak, euskarazko telesailak ikustea... Baina, euskara bide, zeharka ere lantzen dute hizkuntza eta hiztegia bestelako ekintzetan ere: sukaldaritza tailerra, graffiti tailerra, mahai-jokoetan aritzea...
Laudioko kaleetara ere atera izan dira gazteak, besteak beste, auzokideei euskararen eta honen erabileraren inguruko galderak egitera, edota herriko dendetan euskara erabiliz tailerretarako beharrezkoa duten materiala erostera. Funtsean, eskola orduetatik kanpo euskara harremantzeko tresna erabilgarria dela mahaigaineratu nahi dute gazte etorri berriekin egindako saioetan.
Elkarrengandik ikasiz
Jatorri anitzeko DBH mailako ikasleak elkartzen ditu programak astero astero Laudioko Institutuko atarian: Algeria, Sahara, Maroko, Paraguay, Peru, Brasil, Andaluzia... Euskara, Laudio eta Euskal Herria ezagutzeko tresna ez ezik, elkarrengandik ikasteko espazioa ere badira asteroko saioak; kulturartekotasuna ardatz, herrialde desberdinetako ohiturak, errealitate politikoa edota hizkuntzak ezagutzeko.