Areto hockeyak hitzordu garrantzitsua izango du asteburuan Laudion. Izan ere, Espainiako Txapelketako gizonezko lehen mailako sektoreko fasea lehiatuko dute lau taldek Granja udal kiroldegian. Horien artean egongo da Ganbegi klub laudioarra.
Atletico Coruña galiziarraren aurka neurtuko da tokiko taldea, eta baita Alacanteko Club Atletico San Vicenterekin eta Noega asturiarrarekin ere. Klub guztiak arituko dira nor baino nor eta partidak hurrengoak izango dira:
Larunbata:
- 14:50 // Ganbegi-Atletico Coruña
- 16:00 // Noega-Club Atletico San Vicente
- 18:00 // Club Atletico San Vicente-Atletico Coruña
- 19:10 // Noega-Ganbegi
Igandea:
- 10:50 // Atletico Coruña-Noega
- 12:00 // Ganbegi-Club Atletico San Vicente
Ez da lehen aldia kanporaketa hori Laudion jokatzen dela. Hector Borge Ganbegiko arduradunak gogoratu du kiroldegiak proba bera hartu zuela duela laupabost denboraldi.
Helburuak
Lehenengo bi sailkatuen artean geratuta, Ganbegik lortuko luke eskubidea hurrengo kanporaketa jokatzeko Benalmadenan. Han lehiatuko dira finalerdiak beste 15 talderekin; 8 aterako dira sektoreko faseko hiru lehiaketetatik eta besteak iazko sailkapenetik.
Ganbegik argi dauka hurrengo kanporaketan parte hartu nahi duela. Tamalez, COVID-19 birusa izango dute oztopo nagusi, taldeak hainbat positibo izan baititu eta zailtasunak izango ditu jokalari nahiko batzeko.