PELLO MORENO MARTIN (GKS)

“Beharrezkoa da enpresari handien eta alderdi politikoen fartsatik kanpo antolatzea”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko urt. 27a, 07:00

GKSko kidea da Pello Moreno Martin laudioarra.

Aiaraldeko Gazte Koordinadora Sozialistako kidea da PELLO MORENO MARTIN (Laudio, 1996). Larunbat honetan Bilbon eta Iruñan egingo dituzten mobilizazioak izan ditu hizpide. 

Bilbon eta Iruñan mobilizazioak egingo ditu Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) datorren larunbatean. Berebiziko zitatzat jo duzue egun horretakoa, zergatik?

Azkeneko bi urteetan kapitalismoaren eta bere babesleen aurpegirik ankerrena ezagutu dugu. Pobrezian eta askatasun ezan oinarritzen den bizimodura kondenatu gaituzte, jendearen obedientzia eta despolitizazioa bultzatzen duten bitartean. 

Denbora tarte honetan, Mugimendu Sozialistak aurrerapauso nabarmenak egin ditu militantzia indartuz eta ekimen handiak aurrera eramanez (2021eko urriko Gazte Topagune Sozialista, besteak beste). Enpresa eta alderdi politikoetatik kanpo gauzatu da. Izan ere, proletalgoaren antolakuntza independentearen bitartez egin behar diogu aurre egoera honi; eta horren adierazpena da GKS.

Horregatik, urtarrilaren 29an Bilbon eta Iruñan egingo ditugu manifestazioak. Alde batetik, azken urteetan salatutako guztia sendotzeko balio izango dute; eta bestetik, metatutako antolakuntza eta militantzia indarraren adierazpenak izango dira, baliagarriak izango dira etorkizuneko erronkei begira indarrak hartzeko.

“Metatutako antolakuntza eta militantzia indarraren adierazpenak izango dira larunbateko mobilizazioak”

"Askatasun ezaren eta pobretzearen" aurka mobilizatuko zarete. Zertan nabaritzen duzue askatasun eza eta pobrezia Aiaraldean?

Gizarte kapitalista krisian dago, eta burgesiak erasoaldi ekonomikoa zein politikoa jarri ditu abian. Kapitalismoan langileriaren bizi eredua erreproduzitzeko zailtasunak nabarmenak dira, egunerokotasunean pairatzen dugu.

Horregatik, alderdi politikoek eta enpresariek proletalgoarekiko errepresioa indartu dute: askatasun faltan eta pobrezian oinarritutako bizi eredura ohitu nahi gaituzte. Kaleratzeak, soldaten murrizketak, lan-baldintzen okertzea, eskubide zibil eta politikoen ezabapena eta bizi baliabideen garestitzea nabarmendu dira.

Aiaraldean, beste eskualde askotan bezala, guzti hau pairatu dugu. Izan ere, orain dela hilabete bat Aiaraldeak sufritzen duen egoera salatzeko kanpaina bat atera genuen. Ofentsiba politiko eta ekonomiko honen ondorioak nabarmenak direlako: langabezia-tasa %8,9 (Laudion %11,88 eta Amurrion %12,62) da. EAEko langabezia-tasen goi postuetan aurkitzen gara; gainera, mantentze-pobrezia (oinarrizko bizi beharrak asetzeko nahikoa baliabide ekonomikoen falta) %7,4 da. Egoera hau are gordinagoa bilakatu da gazte langileon kasuan: gazte langileon langabezia-tasa %21koa da eta emakume gazte langileona %38koa. Horrez gain, azken bi urteetan gutxienez 9 izan dira soldatapeko lanean eraildako langileak.

“Ofentsiba politiko eta ekonomiko honen ondorioak nabarmenak dira Aiaraldean”

Hau guztia gutxi balitz, gazteon kriminalizazioa nabarmena izan da eta indar polizialek gazte langileon aurka oldartu egin dira sistematikoki. Errepresioaren eta jazarpenaren bidea hautatu dute osasun larrialdia gainditzeko berme modura.

Bankari, enpresari handi eta politikari profesionaletan jarri duzue begirada. Zer dela eta? Badago halakorik eskualdean?

Bankariak eta enpresari handiak egun bizi dugun bizi kalitatea okertzearen errudunak dira. Besteak beste, etxegabetzeen, lan-baldintzen kaskarren eta esplotazioa areagotzearen erantzule zuzenak dira. Politikari profesionalek euren interesak defendatzen dituzte.

Beraz, egungo alderdi politiko parlamentario-burgesen bitartez ezin zaio egoera honi aurre egin. Pandemian alderdi politiko guztiek enpresari handien interesak lehenetsi dituzte, langile klasearen eskubideak behin eta berriz urratu dituzten bitartean. Era berean, estatuko aurrekontuetan indar polizialen zein militarren baliabideak handitu dituzte. Aiaraldeko egoera ezin da logika kapitalistatik kanpo ulertu. Izan ere, aipatutako errealitate gordinaren isla da eskualdea.

Horregatik, enpresari handien eta alderdi politikoen fartsatik kanpo antolatzea beharrezkoa ikusten dugu. Kalera atera behar gara, eta itxaropen ezaren gainetik proletargoa batu behar da. Antolakuntza independente indartsurik gabe ezingo diogu egoerari aurre egin. Horregatik, urtarrilaren 29an mobilizatzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu.

“Egungo alderdi politiko parlamentario-burgesen bitartez ezin zaio egoera honi aurre egin”

Ekimen ugari egin dituzue azken asteetan Aiaraldean 29ko deialdia zabaltzeko. Zer nolako harrera izan dute?

Hala da, urtarrilaren 3tik 8ra, 29ko deialdiaren berri emateko zenbait ekimen egin genituen. Alde batetik, informazio guneak antolatu genituen Laudion zein Urduñan; eta bestetik, batzar irekia gauzatu genuen Laudion. Horrez gain, manifestazioari dei egiteko propagandaz bete ditugu kaleak: kartelak, pankartak, muralak, eskuorriak… Jende ugari bertaratu da jakin-minez, eta askok mobilizazioa antolatzen eta propaganda zabaltzen lagundu digute.

Eskualdeko gazteen artean izandako harrerarekin argi geratu da egun pairatzen dugun errealitate anker hau borrokatzeko beharra. Ezinbestekoa zaigu pobreziaren gorakadaren eta askatasun zibil zein politikoen defentsan mobilizatzea eta antolatzea. 

“Gazte Topagune Sozialistak lortutako erreferentzialtasunak ate ugari ireki dizkigu eskualdean”

2019ko otsailean aurkeztu zen Gazte Koordinadora Sozialista. 2020ko urrian, aldiz, eskualdeko taldeak sortu ziren, Aiaraldekoa barne. Nolakoa izan da eskualde honetako taldearen bilakaera ordutik hona? Zer balorazio egiten duzue?

Positiboki baloratzen dugu. Hiru urtean taldea gorpuztea lortu dugu, gero eta jende gehiagorengana iristeko ahalmena garatzen. Gazte Topagune Sozialista GKS-ren lan eraginkorraren isla izan zen, eta lortutako erreferentzialtasunak ate ugari ireki dizkigu Aiaraldean. 

Eskualdeko lanari dagokionez, antolakundeak maila nazionalean aurrera eramandako dinamikak sozializatzen aritu gara. Baina, era berean, dinamika nazionalen adierazpenak eskualdean borrokatu ditugu. Neurri autoritarioen eta kontrol sozialaren aurkako dinamika aurkeztu genuen iaz, hainbat lekukotza jaso ondoren, ondorioztatu genuen beharrezkoa zela defentsa tresnak abian jartzea. Horretaz gain, lehen aipatu bezala, gure azken dinamikak biolentzia kapitalista du jo-puntuan.

Gainera, eskualdeko borroka prozesuak gertutik bizi izan ditugu, beti ere gure aldarrikapenak ezagutaraziz. Tubacexeko kasuan, adibidez, langileen borroka prozesua babesteaz eta haiekin batera mobilizatzeaz gain, krisiaren gaineko irakurketa zabaldu genuen, antolakuntza komunista jarriz egoerari erantzun integrala emateko aukera posible bakar modura.

“Tubacexeko kasuan, adibidez, langileen borroka prozesua babesteaz eta haiekin batera mobilizatzeaz gain, krisiaren gaineko irakurketa zabaldu genuen, antolakuntza komunista jarriz egoerari erantzun integrala emateko aukera posible bakar modura”

Gazteen aurkako jazarpena, COVID ziurtagiria eta lan istripuak izan dituzue hizpide azken hilabeteetan Aiaraldean. Datorren larunbateko mobilizazioa igarota, zer asmo duzue GKS Aiaraldetik? Proiektu edo ekimenik aurreratzerik?

Argi dago larunbateko manifestazioa mugarri garrantzitsua izango dela GKSrentzat. Azken urtetan egindako lanaren fruituen neurketa egokia izan daitekeelakoan gaude. 

Beraz, beharrezkoa da hona ekarri gaituen ibilbide berarekin jarraitzea, biolentzia kapitalistaren aurpegi ezberdinak salatuz eta borrokarako baliabide eta forma ezberdinak garatuz. 

Bide horretan, hainbat izango dira nazionalki zein eskualde mailan GKStik aurrera eramango ditugun ekintzak eta borrokak. Horien gaineko informazioa jasotzeko interesa izanez gero, erraz topatu ahalko duzue gure sare sozialetan.

Beste zerbait gaineratu nahiko bazenukete...

Beste behin, gure kabuz mobilizatu eta antolatzeko beharra adierazi nahi dugu. Horregatik, Aiaraldeko gazteei urtarrilaren 29an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera deitzen diegu. Hurrengo egunetan, tren kedada jakinaraziko dugu guztiok batera Bilbora joateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide