Larunbat goizean elkartu gara Manuel Dominguez Dominguezekin, Lamuza plazako kioskoaren parean. Aste ugari igaro dira jubilatu zenetik, eta kioskoko ateak itxita daude orduz geroztik, lekukoa nork hartuko zain.
1990. urtetik darama Dominguezek prentsaren munduan murgilduta. Salamankan jaio zen (Espainia), baina hiru urte zituela hurbildu zen Urduñara bere gurasoekin. 28 urterekin Amurriora joan zen bizitzera, baina ez da eskualdetik mugitu. “Bere garaian Amurrioko geltokiko taberna kudeatzen genuen, kiosko funtzioa ere betetzen zuena”, hasi da kontatzen kioskeroa, bere lantokia izan denaren alboko banku batean eserita, “Amurrioko plazakoa hartu genuen gero. Taberna itxi genuen, lan gehiago zelako; eta Renfek segurtasun baldintza berriak eskatzen zituelako bertan lan egiteko, asko mugatzen gintuztenak. Une horretan, erabat murgildu nintzen prentsaren munduan”.
Laudioko kioskoan, aldiz, duela zazpi urte hasi zen lanean. “Toki batetik bestera doazen garraiolariek esan zidaten Laudion kiosko bat libre zegoela, eta Bonaire tabernako Luisekin -lokalaren jabearekin- jarri nintzen harremanetan”.
“%40ko jaitsiera orokorra egon da kiosko guztietako salmentetan”
Prentsa banatzailearen egunerokoa
Ez da samurra prentsa banatzailearen lana, Dominguezek azaldu duenez. “5:30ean jaikitzen nintzen. Kioskora iristen nintzen berehala lanean hasteko prest, baina itxaroten geratu behar nintzen sarritan, prentsa berandu iristen zelako, errotatibetan edo bidean egondako atzerapenak medio. Kasu batzuetan 7:00ak aldera iritsi zitezkeen egunkariak. Gauzak hala, lehen ordu eta erdia egunsentia ikusten igaro nezakeen, ezer egin gabe. Hori bai, gero dena dira presak, taberna guztiek nahi dutelako egunkaria lehen ordua izan”.
Hala ere, orain nabarmen erraztu da lana, arratsaldez ia ez delako irekitzen. “Lehen bi ordu ixten genuen kioskoa, bazkaltzeko, eta arratsaldean buelta berriz, zazpiak arte. Orduak, orduak eta orduak”.
Paradoxikoa dirudien arren, Dominguezek ez du prentsa irakurtzeko ohitura garatu. “Ez nuen denborarik egunean zehar. Horren goiz jaikitzen nintzenez, siesta egitea eguneko saria zen niretzat, kar kar. Hala ere, 13:00-14:00ak aldera begiraturen bat botatzen nien egunkari eta aldizkariei, behin salmentaren zatirik handiena igarota. Egunkari multzoak jartzean titularrak irakurtzen nituen, eta baten batek arreta deitzen bazidan eguerdian irakurtzeko gordetzen nuen”.
“Zenbat iraungo du paperezko prentsak? Ba hamar urte inguru agian. Kioskoren batek biziraungo du, salmenta guztiak pilatuko dituelako, baina askoz gehiago ez”
Prentsaren gainbehera hizpide
Ezkor azaldu da amurrioarra prentsaren etorkizunari dagokionez. “Jaitsiera handia egon da, sektore guztietan bezala. Internetek min handia egin du. Batzuei ondo etorriko zitzaien, baina beste batzuei oso gaizki. Aldizkari askok utzi diote argitaratzeari, horietako batzuk oso ezagunak, Interviú kasu. Inork ez zuen imajinatuko argitalpen hori itxiko zenik, eta itxi egin da”.
COVID-19ak ere izan du eragina. “%40ko jaitsiera orokorra egon da kiosko guztietan. Nik Laudio eta Aretako 30 tabernetan banatzen nuen prentsa, eta utzi egin diote egunkariak hartzeari”.
Ez dago belaunaldi aldaketarik. “Prentsa erosten duen jendea nagusia da, oro har, 55 urtetik gorakoa. Gazteek ez dute inondik inora erosten. Kirol egunkariren bat akaso astelehenetan, asteburuko partiden berri izateko, baina gehiagorik ez”.
Gauzak hala, paperezko prentsak iraungitze data duela uste du Dominguezek: “Zenbat iraungo du? Ba hamar urte inguru agian. Kioskoren batek biziraungo du, salmenta guztiak pilatuko dituelako, baina askoz gehiago ez”.
Egoera ikusita, kioskero erretiratu berriak ez du uste berak kudeatu duen establezimenduak berriz ateak irekiko dituenik. “Ez dut uste kiosko hau beste inork hartuko duenik. Berez, udalaren lizentzia aspalditik dago iraungita. Luzatzeko eskatu genien, baina aipatu ziguten ezin zutela halakorik egin, horretarako enkante publikoa egin behar zelako. Hala ere, aipatu ziguten gu geunden bitartean ordura arte bezala jarraitu ahalko genuela, baina argi utziz ez zigutela lizentzia oparituko. Gauzak hala, ez dut uste erreleborik egongo denik”.
Izan ere, kioskoak jabe pribatu bat duen arren, udalaren lursail batean kokatuta dago. “Amurrioko kioskoan, aldiz, azpiegitura zein lursaila dira udalarenak”, argitu du Dominguezek.
“Ez dut uste kiosko honek berriz ateak irekiko dituenik”
Jendearen garatutako harremana
Etorkizuna ilun ikusten duen arren, alaitasuna eta baikortasuna darie Dominguezen hitzei. “Jende asko ezagutu dut urte hauetan guztietan, persona oso jatorrak. Opari asko ekarri zizkidaten nire azken egunean. Faltan botako nautela esan didate, eta horrek balio du gehien. Bezero batzuk telefonoa eskatu didate, nirekin harremantean jarraitzeko”.
“Oso bezero fidelak” izan ditu Dominguezek. “Pertsonak batzuek isunak jaso dituzte udaltzainen partetik, kioskoaren alboan aparkatzeagatik egunkaria erosteko. Hala eta guztiz ere, etortzen jarraitu dute”. Horregatik, pasabide bat jartzeko beharra jarri du mahai gainean. “Modu horretan, gidariak tarte labur batez geratu ahalko liratezke, tokiko dendetan kontsumitu ahal izateko”.
“Pertsonak batzuek isunak jaso dituzte udaltzainen partetik, kioskoaren alboan aparkatzeagatik egunkaria erosteko. Hala eta guztiz ere, etortzen jarraitu dute”
Lamuza plaza “gune estrategikoa” dela pentsatzen du kioskero ohiak. “Autobus geltokia dago hemen, eta jendeak sarritan jotzen zuen nigana ordutegien inguruan galdezka, oso galduak zeudelako. Ez litzateke gaizki egongo kartel argiztatu bat jartzea autobusen joan etorriekin. Beti bota dut faltan hori gune honetan”.
Jubilazioak errotik aldatu dio bizitza Dominguezi. “Amaitu dira goizeko bostetan jaikitzen nintzen egunak. Orain goizeko bederatzietan noa erosketak egitera, jubilatu oro bezala. Arratsaldean, aldiz, begirale lanak egiten ditut, bi biloba baititut. Lan berrian erabat murgilduta nago jada”.