EH Bilduk aldeko botoa emango dio Laudioko Udalaren Gardentasunerako eta Herritarren Parte hartzerako Araudi berriari. Hala jakinarazi du oposizioko taldeak gaur goizean komunikabideei helarazitako prentsa ohar batean. Gaur arratsaldeko Udal Osoko Bilkuran onartuko da araudia.
Dokumentua osatzeko prozesua “luzea eta mamitsua” izan dela nabarmendu du Nagore Gomarak. “Araudiaren zazpi zirriborro partekatu ditugu gobernu taldearekin eta beharrezkoak izan diren bilerak egin dira guztiontzat oinarri bezala baliagarria izan daitekeen testu bat adostu arte”, azaldu du zinegotziak.
Aitortu duenez, “gorabeherak” egon dira bide horretan, “baina herritarren eskubideak aintzat hartu dira interes politikoetatik harago”. Gauzak hala, “herri antolatu eta ahaldunduaren oinarria eta ideia” gailendu dela uste du EH Bilduko ordezkariak: “Jakin badakigu legediak ezartzen dituen mugak direla eta, gure gustuko gauza batzuk ezin direla araudian jaso, parte-hartze organoak lotesleak izatea, adibidez, baina deliberazioaren eta gizarte aktibo baten hausnarketaren aldeko apustua egiten dugu. Iritsiko da ere, gure herrian, laudioarren iritziaren indarra legez onartzeko unea, baina bitartean, urratsak emateko aukerak daudela uste dugu”.
EH Bilduk begi onez ikusi du araudia, herritarren erabakiak, muga legalak medio, lotesleak izango ez diren arren
Behin araudia onartuta, honakoa hau eskatuko du oposizioko taldeak: lan egiteko modu hori baliatzea gai estrategikoen aurrean. “Hau da, seriotasunez eta sakontasunez gaiak jorratu, behar beste bilera egin, aholku tekniko zein juridikoa eskaini, eta laudioarrei ekarpenak egiteko aukera eta epea eman, emaitza adostu bat lortzeko helburuarekin”.
Izan ere, oso ekarpen gutxi jaso ditu araudiak herritarren partetik, eta hori kezkagarria dela uste du EH Bilduko kideek. “Ea araudiak eskaintzen dituen aukeraz baliaturik, poliki-poliki, jendartearen parte-hartzea eta konfiantza berreskuratzeko gai garen gure herrian”.
Gauzak hala, gauza bat eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernu Taldeari: Udalaren jardunean parte hartzeko bide eta foroak zabaldu eta ezagutaraztea, araudiaren erabilera “anekdotikoa” izan ez dadin. Era berean, “udalaren kudeaketarekiko elkarlana eta kontrola” gauzatzeko gonbita luzatu die oposizioko taldeak herritarrei.
Horri lotuta, talde politikoa prest agertu da araudiaren nondik norakoak azaltzeko edozein elkarte eta herritarri. “Laudio hobetu eta eraldatzeko tresna oso baliagarria dugu mahai gainean, eta erabilpen egokia egitea ezinbestekoa izango da laudioarrak udalaren jarduketan eta dinamiketan inplikatu nahi baditugu”.