"Harridura" eta "amorrua" sortu du Ana María Martinez Navas Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiko epaileak LAB sindikatuko kideen artean, hizkuntza eskakizuna betetzen ez zuen langile bati lanpostua itzultzera behartu baitu Laudioko Udala.
Hain zuzen, haserrea piztu du epaian Martinez Navasek erabilitako argudioetako batek: euskara oso zaila dela. Horren aurrean, sindikatuak honakoa adierazi du: "Hain zuzen ere, euskara munduko bosgarren hizkuntzarik zailena dela dio epaiak. Ondorio horretara heltzeko, oraindik ere sumingarriagoa dena egin du epaileak: Interneten inongo fidagarritasunik ez duten baieztapen batzuen kopia-pega gauzatu, hitzez hitz".
Gauzak hala, LABek ondorioztatu du epailearen jarreraren atzean "euskararen aurkako berezko gorrotoa" dagoela.
Euskararen babesa
Langile antolakundearen arabera, euskara ez dago babestuta, 40 urte igaro diren arren Euskararen Normalkuntzarako Legea onartu zenetik: "Euskararen kontrako neurria baino gehiago da, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunon komunitatearen aurkako erabakia da, udalen autonomiaren aurkako erasoa da, injerentzia da, elkarbizitzaren kontrako sententzia da, komunitate ezberdinen berdintasunaren aurkako erabakia delako".
LAB sindikatuaren ustez, inboluzioa gertatzen ari da euskararen babesari dagokionez, eta horren beste adibide bat baino ez da Ana Maria Martinez Navas epailearen sententzia.
Hori dela eta, sindikatuaren aburuz, akordio zabalak eta berezko lege berria ezinbestekoak dira gertatzen ari den inboluzioaren aurrean, "azken 40 urteetan legezkoa izan dena, orain debekatzen ari delako".
(Gara egunkariak argitaratutako komikia)
Udalaren helegitea
Gaur Ander Añibarro alkateak argitu du Laudioko Udalak helegitea aurkeztuko duela epaiaren kontra La Milagrosa Ikastetxeak egindako ekitaldi batean. Horretan Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak ere hartu du hitza gaiari buruz eta nabarmendu du sententzia "oso subjetiboa" dela.
Euskalgintza Kontseiluak erantzuteko deia zabaldu du
Euskalgintza Kontseiluak ere epaia presente izan du gaur. Bilbon elkartu da erakundea 2021ean gertatutakoari buruz hausnartzeko eta Laudioko Udalari eragiten dion sententzia izan du hizpide Paul Bilbao idazkari nagusiak: "Epaien bidez ezarri nahi dute hizkuntza politika berria; are gehiago, botere judiziala hizkuntza politika nahierara arautzen hasia da jurisprudentzia baliatuz".
Bilbaoren iritziz, epaileek oldarraldia hasi dute euskararen kontra eta modu bateratuan erantzutea beharrezkoa dela erantsi du.