Laudioko La Milagrosa ikastetxeak 100 urte beteko ditu aurten, eta ikastetxeko hezkuntza komunitatea mendeurren ospakizunetan murgilduta dago. "100 urte bihotzean" lemapean, jarduera sorta prestatu dute datozen aste eta hilabeteetarako.
Gaur ekitaldi akademikoa egin dute ikastetxean bertan, eta, besteak beste, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak parte hartu du bertan, Laudioko alkate eta zinegotziekin batera. Ekitaldiaren ostean 100 urteko ibilbidea jasotzen duen argazki erakusketa inauguratu dute Laudioko Kultur Etxean. Ekainaren 2ra arte egongo da ikusgai. Egun horretan ikasle ohien bazkaria egingo dute, urte guzti hauetan ikastetxetik igaro diren ikasleak elkartzeko asmoz.
“Ehun urte bihotzetan”, ehun urte bere hezkuntza-komunitatearen aldeko lanean. Laudioko La Milagrosa Ikastetxeak harrotasunez oroitzen du hezkuntzaren eta ikasleen alde egin duen ibilbide luzea. Ilusio eta konpromiso berari eutsiz jarraitzera animatzen zaituztet. Zorionak! pic.twitter.com/wLSNJpmS8r
— Jokin Bildarratz (@bildarratz) February 2, 2022
Jarduera sorta oparoa
Urtarrilaren 29an hasi zituzten ospakizunak eta ekainera arte luzatuko dira ekintzak. Hitzaldiak, proiekzioak, txangoak... orotariko ekintzak antolatu ditu La Milagrosako hezkuntza komunitateak urtemuga ospatzeko.
Ekainean egingo dituzte ekintza nagusiak. Ekainaren 4an 'Arteguna' ospatuko dute Herriko Plazan, egun osoan zehar ikasleei eskainia egongo den jaialdi kulturala. Urteurren ospakizuna ekainaren 18an itxiko dute, Santa Luziako ospakizuna probestuz, Ermualden egingo duten familientzako jaialdiarekin.