Garbialdi enpresak lan-erregulazio espedientea abiatu zuen iaz Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantokietan, beharginen lan-kontratuak etenez edota lanaldiak murriztuz. Baina Gasteizko Lan Arloko 3. zenbakiko epaitegiak baliogabetzat jo berri du neurria.
Hala jakinarazi du LABek komunikabideei bidalitako pretsa ohar batean. Sindikatuak oso positiboki baloratu du epailearen erabakia, frogatutzat ematen duelako langileek “defentsa-gabezia nabarmena” izan zutela. Sindikatu horrena da Garbialdiko langileen ordezkari bakarra, eta ez zitzaion behar adina informazio eman “aldi baterako lan-erregulazioaren kontsulta aldiari berme osoz ekin ahal izateko”.
Justifikazio eza
Gainera, epaileak uste du aldi baterako lan-erregulazioa ez zegoela justifikatuta, LABek nabarmendu duenez. “Horrek agerian uzten du aurretik erreklamatu eta salatu genuena. Izan ere, Amurrioko eta Laudioko Tubacex zentroetako aldi baterako lan-erregulazioko espedienteetan eta greba mugagabean, garbitzaileek ez zuten zor zitzaien begirunerik izan, ez Garbialdiko zuzendaritzaren aldetik, ezta Tubacexeko zuzendaritzaren aldetik ere”.
Gauzak hala, honakoa eskatu dio sindikatuak Garbialdiri: epaiari men egitea ere helegiterik ez aurkeztea. “LABek lanean jarraituko du Tubacexen lantokietan eta garbiketaren sektorean langileen eskubideak defendatu eta errespeta daitezen”.