Iragan asteleheneko Udal Osoko Bilkuran onartu zen Laudioko Udalaren Gardentasun eta Partaidetza araudia. Dokumentu horrek orain arteko hutsunea betetzeko ardura izango du, eta Omnia udal taldeak positiboki baloratu du hau egikaritzeko jorratutako prozesua. Izan ere, ugariak izan dira testua osatzeko egindako bilerak, eta behin betiko araudiak jasotako puntu asko oposizioko udal taldeak proposatuak izan dira.
Halaber, Omniak abstentzioaren alde egin zuen araudia onartzeko bozketan. Udal taldearen iritziz, araudia erdibidean geratzen da, eta ez da behar besteko anbizioz landu. Ohar bidez aletu dituzte abstentzioaren alde egiteko arrazoiak.
"Aukera galdua"
Parte-hartzea beste maila batera eramateko aukera galdutzat jo du Omniak onartu berri den araudia. Udal ordenantzak eta araudiak ez direla egun batetik bestera aldatzen azaldu du talde politikoak, eta, ondorioz, denbora bat igaro beharko da berriro ere gardentasunaren eta partaidetzaren eztabaida mahaigainera ekartzeko: "Hemendik aurrera aurkituko ditugun gabeziak ezin izango dira berehala konpondu, eta aurrera jarraitu beharko dugu. Hori da minimoekin konformatzearen arazorik handiena" defendatu dute oharrean.
Omniaren aburuz, araudia loteslea ez izateak "hutsaldu" egiten du parte-hartzen duten herritarren papera
Parte-hartzea loteslea ez izatea ere kritikatu du Omniak. Oposizioko taldearen aburuz, horrek "hutsaldu" egiten du parte-hartzen duten herritarren papera, eta honako galdera hau plazaratu du: "Nork hartu nahi du parte, gero udalak emaitzara mugatu behar ez badu?".
Udalerriko parte-hartze prozesuek huts egin dutela nabarmendu du Omniak, eta aurrekontu parte-hartzaileak jarri ditu horren adibidetzat. Prozesu horretan oso herritar gutxik hartu zuten parte: "Sistemak huts egiten du, bai antolaketari dagokionez, bai formatuari dagokionez, bai publizitateari dagokionez ere. Parte hartzeak erosoa eta erraza izan behar du. Laudioarrentzat konplikazioa ez den zerbait. Hori aldatzen ez den bitartean, berdin dio udal honek zenbat araudi onartzen dituen".
Bide horretan, "Laudio parte-hartzaile" bat eraikitzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du udal taldeak, "parte-hartzea ez dadin lau urtero bozka bat ematera mugatu".