ELLAKURIKO IGERILEKUETAKO LANGILEAK

“Beldur gara Laudioko udako igerilekuetan gertatutakoa berriz errepikatuko ote den”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 23a, 08:00

Aintzane Cuadra Marigorta eta Josune Cuadra Larrakoetxea, igerilekuen atzeko aldean. / Aiaraldea.eus

AINTZANE CUADRA MARIGORTA (Amurrio, 1994) eta JOSUNE CUADRA LARRAKOETXEA (Laudio, 1998) Laudioko Ellakuriko udal igerilekuetan egon ziren lanean iazko udan. Enpresa kudeatzaileak eginiko irregulartasun eta lan eskubideen urraketak salatu dituzte. 

Noiztik daramazue Ellakuriko igerilekuetan lanean?

Josune Cuadra Larrakoetxea: Nik bost urte daramatzat sorosle moduan, baina beste lankide batzuek 14 urte daramatzate. 

Aintzane Cuadra Marigorta: Ni iaz sartu nintzen, baina apur bat berandu hasi nintzen lanean, ni baino lehenago beste pertsona bat zegoelako nire lanpostuan. Uztailean hasi nintzen beharrean. 

Ramon Lazaro Martinez enpresa ere iazko udan hasi zen igerilekuak kudeatzen, bi urte esleipena lortuta. Noiz hasi zineten ikusten gauzak ez zihoazela ondo?

J.C.L: Hasieratik. 20 egun generamatzan lanean eta kontratuak oraindik ez ziren iritsi. Nominak ere berandu ordaintzen zizkigun, eta pixkanaka pixkana beste hainbat gauza azaleratzen joan ziren. 

A.C.M: Ni igande batean jakin izan nuen biharamunean lanean hasi behar nuela. Gaueko hamarretan bidali zidan kontratua. 

“Mantenuko eta garbiketako langileekin egon ziren irregulartasun larrienak. Ez zuten opor egunik eta lan hitzarmenean zehaztutakoa baino nabarmen gutxiago kobratzen zuten”

Zein beste irregulartasun sumatu zenituzten?

J.C.L: Larrienak mantenuko langilearekin gertatutakoak izan ziren. Epaiketan murgilduta daude une honetan. Garbiketako langileekin ere egon ziren irregulartasunak. Kontratuak ez zituzten inoiz fisikoki eduki. Eurekin hitz egitean konturatu ginen lan hitzarmenean zehaztutakoa baino askoz gutxiago kobratzen zutela. 

Garbitzaileetako bati alta eman zion gizarte segurantzan, baina gero baja eman zion berriz. 20 egun eman zituen baja emanda, berak jakin gabe, harik eta berriz alta eman zion arte. 

Gainera, mantenuko langileak eta garbitzaileek ez zuten oporrik, egun guztietan lan egin behar zuten, igandetik igandera. Atseden egunen bat hartu zezaketen, baina oso oso noizbehinka. Behargin horiek guztiak migranteak ziren, eta enpresak horrekin jokatzen zuen, nire ustez.

Horrez gain, bero asko egiten duen egunetan udala derrigortuta dago sorosle bat gehiago jartzera. Batzuetan Artziniegako igerilekuetatik etortzen zen soroslea eta beste batzuetan ez zen etortzen, behar beharrezkoa izan arren. 

Beheko aldean bi igerileku daude, eta jende asko baldin badago pertsona bakarrak ezin du dena kontrolatu, zoramena da. Artziniegako sorosleekin hitz eginda konturatu ginen euretako batzuei “praktiketan” egongo balira bezala ordaintzen zietela. Beste kasu batzuetan kanpoko jendea ekartzen zuten. Kanpotik zetozen langile guztiak ziren migranteak eta, gure sorpresarako, esan ziguten enpresak ez ziela kontraturik egin.

“Kanpotik zetozen langile guztiak ziren migranteak eta, gure sorpresarako, esan ziguten enpresak ez ziela kontraturik egin”

Zenbat langile zineten guztira?

J.C.L: 12 pertsona geunden, 4 sorosle, 2 langile sarreran, beste 2 arropa gordetzeko gunean, 2-3 garbitzaile eta mantenuan 1. Hori ofizialki. 

A.C.M: Nire lanpostuan zegoen langilea Artziniegara eraman zuten. Udalak hizkuntza eskakizuna eskatzen zuen lanpostu horretarako, baina enpresak ez zuen hori kontuan hartu pertsona hau kontratatzerakoan. Egun batean udalekoak igerilekuetara igo ziren eta konturatu ziren langileak euskara ulertu ba, baina ez zekiela hitz egiten. Gauzak hala, enpresak garbitzaile lanetan jarri zuen, eta Artziniegara eraman zuen gero, bertan ez zelako euskaraz hitz egitea eskatzen. Oso gauza arraroa izan zen hori. 

“Jende asko zegoen egun askotan ez geunden sorosle nahikorik jende guztia zaintzeko”

J.C.L: Aurreko urteetan garbitzaile bat egon da goizez eta beste bat arratsaldez. Iaz, aldiz, arratsaldean “garbitzaile-laguntzaile” bat zegoen, hiru orduz soilik lan egiten zuena. 

Arazoak etortzen ziren norbaitek baja hartu behar zuenean edo etorri ezin zuenean. 

A.C.M: Nik COVID-19aren sintomak izan nituen abuztuan eta etxean geratu behar izan nintzen. Nire baja estaltzeko ez zuten beste pertsona bat hartu, arropa gordetzeko gunean zegoen langilea jarri zuten nire lana egiten. 

“Berdin du guk gauzak oker daudela ikusteak, erabiltzaileek ikusi behar dute, bestela ez dute kasurik egiten. Udala mugitzen hasi da dena gainera etorri zaionean, denboraldia amaitzean”

Noiz hasi zineten udalari gertatzen zena kontatzen?

J.C.L: Uztaila abuztua partean. Hasieran arduradunari esaten genien, eta bera jartzen omen zen udalarekin harremanetan, harik eta guk zuzenean kontaktatzea erabaki genuen arte. 

Saiatzen ginen gertatzen zena azaltzen. Baina berdin du guk gauzak oker daudela ikusteak, erabiltzaileek ikusi behar dute, bestela ez dute kasurik egiten. Udala mugitzen hasi da dena gainera etorri zaionean, denboraldia amaitzean. 

A.C.M: Uztailean lapurretak egon ziren igerilekuetan, eta ordenagailua ostu diguten. Aste bat edo bi eman genuen ordenagailurik gabe, eta ezin genituen sarreren salmenta erregistratu. Udalak aipatu du badaudela erregistratu gabeko zenbait gauza, baina argi geratu dadila hori ez dela langileon errua izan. 

J.C.L: Beste kontu bat: Uraren azterketak egunero egiten ziren, baina enpresak ez zigun horiek apuntatzeko koadernoa eman. 

Komunikabideetan aipatu da ez zirela neurketa horiek egiten, eta hori gezurra da. Mantenua goizetan soilik zegoen eta arratsaldetan gu, sorosleak, arduratu behar ginen bonbetara joatera neurketak egitera, eta ez da gure lana. 

A.C.M: Arduradunak kanpokoak zirenez, deitzen genituen arren ezin ziren etorri, Gipuzkoa aldekoak zirelako. Gure artean moldatu behar ginen uneoro. 

“Uraren jaia ospatzeko ez zegoen begirale eta sorosle nahikorik. Enpresak kontraturik gabeko bi langile ekarri zituen muntaketa lanak egin begirale lanak egitera” 

Abuztuan egin zuen gainezka egoerak, ezta?

A.C.M: Bai, hilabete txarrena izan zen. Abuztuaren 18an ospatu zen ‘Uraren jaia’. 

J.C.L: Ez ziguten aurretik ezer esan. Gu tranpolinetatik botatzea debekatzen ari ginen, COVID-19aren balizko kutsatzeak saihesteko. Eta, egun batetik bestera, puzgarrietatik botatzea baimenduko genuen? Nolatan?

A.C.M: Udaletxearekin harremanetan jarri ginen ohartarazteko ezingo zirela koronabirusaren aurkako neurriak ezta haurren segurtasuna bermatu, ez zeudelako horretarako  sorosle eta begirale nahikorik. Enpresak bi langile ekarri zituen gauzak muntatzera, kontraturik gabe, eta eurek egin behar omen zituzten baita begirale lanak ere. Eskerrak eguraldi txarra atera zela eta ez zela jende askorik bertaratu. 

J.C.L: Egun batzuk lehenago, abuztuaren 13an, enpresak ez zuen inor ekarri sorosleei erreleboa emateko. Ni eta beste sorosle bat goizeko txandan geunden eta gure txanda amaitu arte egon ginen. Gu ordezkatzera inor ez zetorrela ikusi genuenean erabaki genuen goiko igerilekuak ixtea. Horregatik proposatu zion Lazarok (enpresaren kudeatzaileak) udalari ‘Uraren jaia’ antolatzea, egun horretan egon ziren kexa guztien konpentsazio gisa. 

A.C.M: Igande batean sekulako beroa egin zuen eta ez zituen sorosle gehiago ekarri. Haur batek digestio-etena izan zuen eta emakume batek bero-kolpe bat pairatu zuen, eta ez zegoen langile nahikorik egoera bideratzeko. Ezin genuen igerilekua utzi, baina pertsona hauek artatu behar genituen. Kaosa izan zen. 

J.C.L: Arropa gordetzeko guneko langilea igo behar izan zen goiko igerilekura, soroslea beheko igerilekuetara jaitsi ahal izateko. Baina arduradun bat egongo balitz hori ez litzateke gertatuko. 

Horrez gain, ez genuen botikinik. Freskagarrientzako kutxa moduko bat eman ziguten, bakarra. Zeozer egin behar bagenuen etxolara joan behar ginen, bertan zegoelako materiala. Bertan geundela zeozer gertatzen bazen, nik ez ditut lau begi dena kontrolatzeko. Prekarioa zen dena. 

A.C.M: Gu etxola batean geunden sarrerak saltzen, eta batzuetan hor barruan 38 graduko tenperatura egitera iritsi zitekeen, ez zegoelako aire giroturik ez ezer, eta hori udalaren ardura da.

J.C.L: Aurreko urtean langile bat zorabiatu egin zen bertan zegoenean. Dena den, aire giroturik jarri nahi ez badute, goiko etxola ireki dezakete, hori badagoelako prestatuta. Uda guztietan gertatzen da berdina. 

Aurreko urteetan egoera ez zen berdina?

J.C.L: Ez. Zerbait gertatzen bazen bertan genuen arduraduna. Iaz, aldiz, guk eman behar izan genuen aurpegia beti, gauza on zein txarretarako. 

 

Ramon Lazaro Martinez enpresak Artziniegako igerilekuak ere kudeatzen zituen. Antzekoa izan zen bertako egoera?

A.C.M: Bai, nahiko antzekoa. Nire lanpostuan zegoen langileari mahai soil bat jarri zioten, eguzkia parez pare zuela. 

J.C.L: Uste dut Artziniegako sorosleen lan baldintzak gureak baino okerragoak zirela. 

Igerilekuetako denboraldia amaitu zenean bildu zineten udalarekin. Hor atera zen kontratuen afera, ezta?

A.C.M: Bai. Hor ikusi genuen udalari jardun osoko kontratuak aurkeztu zizkiola, gure sinadurak faltsututa, gu benetan jardun erdiz geundenean. 

J.C.L: Horrez gain, arduradunetako bat mantenuko langilea izango balitz bezala agertzen zen. 

A.C.M: Udalak salaketa jarri du horregatik, eta prozesu judizialean murgilduta gaude. 

“Gure artean egiten genituen aldaketei esker libratu ahal genuen, txandak bikoiztuta”

Horrez gain, langileek ere beste salaketa bat jarri duzue. 

A.C.M: Ni sindikatu batekin jarri nintzen harremanetan, baina aipatu zidaten enpresak zor zidan dirua oso gutxi zela, eta ez zuela pena merezi epaiketari heltzea. 

J.C.L: Gure kasuan bai, ezberdintasun handia da. Horrez gain, ez dugu oporrik izan. Gure artean egiten genituen aldaketei esker libratu ahal genuen, txandak bikoiztuta. 

Arazoak zetozen langileak baja hartu behar bagenuen, ez zuelako beste inor kontratatzen. Enpresa egoera bideratzen saiatzen zen, baina ez zitzaion ateratzen. 

Epaiketaren zain gaude. Adiskidetze-ekitaldia izan genuen urtarrilaren 18an, baina Ramon Lazaro Martinez ez zen aurkeztu.

“Hau beti gertatuko da udalak ez baditu kontratuaren baldintzak aldatzen”

Epaiketa aurrera doa, beraz. 

A.C.M: Bai, momentuz aurrera doa. Udalarekin epaiketa apirilean izango du, gure sinadurak faltsutzea egotzita. Gu lekuko moduan joango gara bertara. 

J.C.L: Beldur gara datorren udan ez ote den berdina gertatuko. Hau beti gertatuko da udalak ez baditu kontratuaren baldintzak aldatzen. Eskaintza merkeena hartzen da. Udalak jartzen du 230.000 euro inguru behar direla igerilekuak kudeatzeko, eta enpresek hortik beherako eskaintzak egiten dituzte, 40.000-50.000 euro inguruko jaitsierak eginez. Langileen gastuak batuta zifra hori gainditzen da, eta gastu gehiago gehitu behar dira gero. Proiektu onena hautatu beharko litzateke. 

Gainera, hasieran langileak ez geunden kontratuko pleguetan subrogatuta, batzuk lanean 14 urte daramaten arren. Udalera joan behar izan ginen zerbitzua zein enpresari esleitu zioten jakiteko, curriculumak bidali ahal izateko. 

Bukatzeko, eskerrak eman nahiko genizkieke igerilekuetako erabiltzaileei, uda guztietan datozenei eta lagundu, babestu eta ulertu gaituztenoi. 

A.C.M: Oso ondo ulertu dute egoera eta beti egon dira gurekin. 

J.C.L: Helburu bera dugu guztiok: uda lasai eta dibertigarri bat igarotzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide