35 urtetik beherako laudioarrei zuzendutako kontratatzio zerrendak abiatuko ditu udalak datozen egunetan. 2 aste inguru egongo dira zabalik, eta Lanbideren atariaren bidez eman beharko da izena.
Hiru zerrenda osatuko ditu guztira tokiko erakundeak:
- Administrariena.
- Peoi espezialistena (obrako langileena).
- Mendeko langileena (atezaintza eta harrera, langile languntzaileak…).
Zerrenda horien bidez erantzungo zaie datozen urteetan udalean sortuko diren “lan premia puntualei”.
Bien bitartean, tokiko erakundeak 2019an deitutako Lan Eskaintza Publikoan lanean jarraituko du, eta lanpostuak gehituko zaizkiola aurreratu du. “Estatuan duela denbora gutxi onartu den lege berria administrazio guztietako Enplegu Eskaintza Publikoen prozesuak atzeratzen ari da, baina lanean jarraitzen dugu lanpostu berriak sartzeko eta prozesuak gauzatzeko”, jakinarazi du Ander Añibarro alkateak.