Europako Batzordera eraman du EAJk Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizunaren afera

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 7a, 20:36

Elkarretaratze jendetsua egin zen Laudion larunbatean, epaia salatzeko. / Aiaraldea.eus

Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatuak gaiari lotutako hainbat galdera egin ditu batzorde horretan. Laudioko Udalaren hizkuntza eskakizunaren aurkako epaiak Europan aurrekaririk duen galdetu du, besteak beste. 

Europako Batzordera iritsi da Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizunaren aurkako epaiaren afera. Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatu jeltzaleak gaiari lotutako hainbat galdera plazaratuko ditu erakundean.

Iragan astean ezagutzera eman zen epaiaren nondik norakoak azaldu ditu Alderdi Jeltzaleko ordezkariak Bruselasen. Bere ustez, epai hori “goragoko instantzietan” baliogabetuko dute, hizkuntza eskakizuna betetzera iristen diren gainontzeko langileen eskubideak urratzen dituelako. 

Hala ere, fokua beste kontu batean jarri du Bilbaok: euskara “munduko bost hizkuntza zailenen artean” dagoenaren ustea, epaiak hori argudiatzen zuelako. 

Horri lotuta, hiru galdera egin ditu ordezkari jeltzaleak batzordean:

  1. Europako Batasunak hizkuntzak zailtasunaren arabera zailkatzeko irizpiderik erabiltzen duen. 
  2. Epaiak aurrekaririk duen Europar Batasunean. Hau da, hizkuntza bat oso zaila izatea ea inoiz arrazoia izan den Batasunean lehiaketa publiko bat bertan behera uzteko. 
  3. Hizkuntza bat ezagutzeak dakarren “zailtasuna” kontuan hartzen den Europako erakundeek langileak aukeratzeko egiten dituzten prozesuetan. 

Epaiak “euskara ikasi duten eta aukeraketa prozesu guztiak gainditu dituzten milaka pertsonen eskubideak” urratzen ditu, Bilbaoren aburuz. Horri lotuta, EAJko ordezkariak nabarmendu du hizkuntza zaila izatea ez dela inoiz eragozpena izan. 

Horrez gain, eurodiputatuak salatu du Gasteizko epailearen erabakiak “elebitasunaren gaineko oinarrizko adostasunak hankaz gora” jartzen dituela, eta gaineratu du gertatutakoa “arbitrariotasun ariketa arriskutsua” dela,  “funtzio publikoan sartzeko prozesuetan sekula eman ez dena”. 

Hizkuntza bat ‘ikasteko zaila’ izatea “kontzeptu subjektiboa” da, politikariaren ustez,  “epaile andreak bere erabaki harrigarria justifikatzeko erabiltzen duen txosten fantasmagorikoa bezala”. Bilbaoren arabera, “eskandalagarria” izango litzateke ezagutzaren irizpidea opozisio batean eskatzen den beste edozein eskakizuni aplikatzea. “’Kasualitatez’, euskara da, berriz ere, jarduteko molde honen biktima”, ondorioztatu du.  

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide