Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Urte amaieran argitaratu nahi dut trilogiaren hurrengo liburua”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 11a, 12:00

Zuhaitza liburu-dendan eskuratu daiteke Sara Cabreraren lan berria. / Aiaraldea.eus

SARA CABRERA (Laudio, 1996) idazle gazteak eleberri berria argitaratu du. Fantasiazko trilogia baten lehenengo atala izango dena.

Argitaratzen duzun bigarren liburua da Marcada por el demonio I - El principio del fin, zer jorratzen duzu eleberrian?

Trilogia baten lehen atala da argitaratu berri dudan liburua, ez dut gehiegi aurreratu nahi bertan gertatzen dena, saiatuko naiz espoilerrik ez egiten (barreak). Fantasiazko eleberria da; magia, gerrak, amodioa, gorrotoa eta izaki izugarriak aurkitu daitezke bertan.

"Fantasiazko eleberria da; magia, gerrak, amodioa, gorrotoa eta izaki izugarriak aurkitu daitezke bertan"

Agora izeneko fantasiazko mundu batean gertatzen da istorioa. Agora hiru lurraldetan dago banatuta: Elvia, elfoen lurraldea; Brux, sorginen eta aztien lurraldea; eta, azkenik, Iratxoen Uhartea. Bost arraza desberdin daude, aipatutakoez gain itas-lamiak eta erraldoiak ere bizi dira bertan.

Arraza inbaditzaile batek, ordea, dena alderbestuko du Agoran: gu geu, gizakiak. Botere bereziak, eta debekatuak, dituen neska bat izango da gure protagonista. Ezin dut gehiago aurreratu.

Beste bi liburu argitaratzea duzu aurreikusita beraz, aurreratuta duzu proiektua?

Honezkero,  Marcada por el demonio trilogiaren beste bi liburuen laburpenak osatuta ditut. Nire aurreikuspenen arabera, eta dena ondo badoa, urte amaieran argitaratuko dut bigarren zatia.

Zeharo desberdinak dira argitaratu zenuen lehenengo eleberria, Verita Primaris, eta bilduma berri hau.

Nire lehenengo liburua fikziozko eleberri bat zen, honetan, ordea, fantasiara egin dut jauzia. Txikitatik izan dut gogoko fantasiazko literatura, hein handi batean garai horretara bueltatzea bezalakoa izan da, asko disfrutatu dut.

Ideia asko ditut buruan gordeta, eta hau horietako bat besterik ez da. Duela gutxi egin nuen kalkulua, eta orotara 32 proiektu dira. Askoren laburpena osatu daukat honezkero, beste batzuk ideia hutsak dira, baina espero dut ahalik eta gehien egikaritzea noiz edo noiz.

"Nire ideia asko nire ametsetatik biltzen ditut, esnatzerakoan amestu berri dudana idazten dut. Horrela hasi zen Marcada por el demonio"

Nolakoa da fantasiazko mundu oso bat eraikitzeko egin beharreko sorkuntza prozesua?

Prozesurik luzeena istorioa gertatuko den munduaren eraikuntza da, kasu honetan Agora. Nire ideia asko nire ametsetatik biltzen ditut, esnatzerakoan amestu berri dudana idazten dut. Horrela hasi zen Marcada por el demonio.

Lehenik eta behin, eskemak egiten ditut, mapa bat ere osatzen dut fantasiazko mundu horren egitura hobeto ulertzeko, eta, horren ostean, pertsonaiak deskribatzen ditut. Gero istorioaren laburpen oso bat idazten dut, eta kapituluz kapitulu ere idazten ditut laburpenak.

Urte bete egon naiz lanean trilogiaren lehenengo eleberri hau osatzeko. Nire lehenengo liburuak buruhauste gehiago ekarri zizkidan, lau urte behar izan nituen hura bukatzeko.

Fantasiazko liburua bada ere, kritika puntu bat ere badauka Marcada por el demonio-k.

Kritika baino hausnarketa esango nuke nik. Beltza eta zuriaren artean grisa dagoela azpimarratu nahi du liburuak: gaiztoenak ez dira hain gaiztoak, eta pertsonai onak diruditenak ere ez dira hain onberak.

Harrera ona aurreikusten diozu liburuari?

Nik uste baietz, aurrekoak baino arrakasta gehiago izango du. Hori igartzen dut irakurleen artean. Eskutik eskura ari da pasatzen eta oso entretenigarria dela eta azkar irakurtzen dela adierazi didate. Batek baino gehiagok telesail baterako materiala dagoela aipatu didate ere! Oso pozik nago orain arteko harrerarekin.

Auto-editatutako liburua da, aurrekoa bezala. Nolakoa izan da autoedizioaren prozesua?

Lehenengo liburua Amazon bidez argitaratu nuen, nik egin nuen prozesu guztia: idatzi, maketatu Honako hau, ordea, Círculo Rojo editorialarekin egin dut. Autoedizioak argitaratzen dituen editorial garrantzitsua da Círculo Rojo. Ezin dut argitaletxe tradizionaletako prozesuekin alderatu, baina sentsazioa daukat uneoro izan naizela liburua argitaratzeko prozesuan protagonista. Niretzat oso erakargarria da edizioaren parte izatea, oso prozesu polita da.

Portadako irudia nire nebak egin du. Berak egin zituen ere Verita Primaris eleberriko kapitulu bakoitzaren aurretik agertzen ziren ilustrazioak. Oso atsegina da berarekin lan egitea, nik kontatu eta idatzitakoa errealitate bihurtzen du.

Non eskuratu daiteke liburua?

Laudioko Zuhaitza liburu dendan egongo da salgai liburua, hori izango da salmenta puntu fisiko bakarra. Internet bidez ere eskuratu daiteke, Amazonen hain zuzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide