Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Aita izan nintzenean inspirazio olatua etorri zitzaidan, eta horrela osatu dut diskoa”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 17a, 07:00

15-16 urterekin hasi zen Onix rapeatzen, baina orain plazaratu du bere bakarkako lehen lana, azken hamarkadan oso bestelako estiloetan (metal eta hardcore taldeak) murgilduta igaro ostean. 

Latir izeneko diskoa plazaratu du Jon Morenok, Onix ezizenarekin. Bere bakarkako lehen lana izan da, eta lekukoa hartu dio duela bi hamarkada hasitako ibilbideari. “15-16 urte nituela hasi nintzen raparen munduan, El Problema-rekin”, azaldu du musikari laudioarrak. Bere hitzetan, aintzidaria izan zen talde hori Aiaraldean. “Garai hartan bazeuden raperoak eskualdean, baina talderik ez”. 

Gaztetako garai horietara itzuli da Onix argitaratu berri duen diskoarekin. “15 urte nituela idatzitako zenbait errima berreskuratu ditut”. Aita izan zenean etorri zitzaion inspirazio olatua, duela bi urte. “Idazten hasi nintzen, eta hortik sortu zen diskoa”.  

Soinu klasikoak

Gai sozialak dira nagusi Onixen letretan. Formatuari dagokionez, “eskola zaharreko” estiloaren alde egin du musikariak. “Orain fast food musika nagusitu da. Musikariek singleak plazaratzen dituzte bideoklipekin, baina nik argi nuen disko formatuan plazaratu nahi nuela”. Beat eta tempo klasikoak baliatu ditu, gaztetan entzuten zituen doinuen erroetara itzuliz. 

Proiektu gehiago

El Problema taldea desegin zenean utzi zion Onixek rapeatzeari, baina ez zen musikatik aldendu. Metal eta hardcore doinuetan murgildu zen, baxujole moduan. Egun, estilo horretako lau taldeetan dago jotzen, eta rapeatzen ere jarraitu nahi du. Bigarren diskoa prestatzen dago dagoeneko. “Bost abesti ditut prest. Ez dakit nola egingo dudan talde guztiak eta aitatasuna uztartzeko!”. 

Youtube, Spotyfin eta Bandcamp plataformetan entzun daiteke diskoa osorik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide