Musika eskaintza zabala egongo da asteburuan Orbeko Etxean

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 17a, 18:14

Musika jaialdiez gozatzeko aukera egongo da ostiral zein larunbatean. / Aiaraldea.eus

Kontzertu eskaintza zabala egongo da Orbeko Etxean asteburu honetan; ostiralean zein larunbatean elkartasun jaialdiak antolatu baituzte. La Casa Fantom, Izate Faltsua, Arrotzak edota Helltzales taldeak igaroko dira oholtza gainetik.

Indarberriturik zabalduko ditu ateak Orbeko Etxeak asteburu honetan. Izan ere, kontzertu eskaintza zabalaz gozatzeko aukera egongo bihar eta etzi.

Bihar -otsailak 18-  Kirikiño Atseden Taldeak jaialdia antolatu du Isasi auzoan abian jarritako Basoa proiektuaren alde. Ellakuriko udal ortuetan jolaserako eta atsedenerako sortutako proiektuaren garapena da hori. Hain zuzen ere, gune horretara bideratuko dituzte jaialdiko irabaziak. 

20:00etan hasiko da zarata. La Casa Fantom talde norbegiarrak, Catastrofe powerviolence taldeak, Fracture 'trash-metal' banda bizkaitarrak eta Aiaraldeko Izate Faltsua metal taldeak astinduko dute etxe okupatutako oholtza. 

Larunbatean Arrotzak, Gurs, Helltzales, Pozoia eta Kikartor taldeak arituko dira oholtza gainean

Il Demoni Fest

Larunbatean ere elkartasun jaialdia egingo dute Orbekon, "Il Demoni Fest" festibalaren edizio berri batean. Kasu honetan Bilboko Langile Autodefentsa Sarea laguntzera bideratuko dituzte sarrerako bost euroak. Bilbo inguruko lan-gatazketan murgildutako taldea da Langile Autodefentsa Sarea. 2021eko otsailean Espainiako Polizia Nazionalak eragile horretako zazpi kide atxilotu zituen, garbiketa enpresa bateko lan baldintzak salatzeagatik. 2 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigor eskaera ezarri diete atxilotuei, eta, guztira, 82.000 euroko isunari egin behar diote aurre.

Elkartasunari musika jarriko diote otsailaren 19an, 19:00etan hasiko diren kontzertuetan. Oholtza gainean Arrotzak, Gurs, Helltzales, Pozoia eta Kikartor taldeak arituko dira. Jaialdia borobiltzeko, punk musika 'pintxada' egingo dute.

Orbeko etxea bizi-bizi

Laudioko Gardea auzoan dagoen Orbeko Etxea gunea egitarau oparoa prestatzen ari da datozen hilabetetarako. Autogestionatutako espazio asanblearioa izanik, ostegunero asanblada irekiak egiten dituzte, 19:00etan, jarduerak antolatzeko. Horrez gain, makina bat tailer eta espazio eskaintzen ditu etxeak: serigrafia tailerra, boulderra, liburutegia, joskintza tailerra, zeramika tailerra... Tailer eta espazio horiek guztiak ere modu autogestionatu eta asanblearioan kudeatzen dituzte, eta eskualdeko pertsona orori daude irekiak.

Datozen hilabeteetarako "kultur eskaintza oparoa" iragarri dute Orbeko Etxeko kideek eta, orain arte bezala, kontzertu programazio anitza eskaintzen jarraituko dute. Izan ere, Euskal Herriko zein nazioarteko dozenaka bandek jo dute Orbekoko oholtzan.

Aurten gainera 21. urteurrena ospatuko du Orbeko Etxeak. Urtebetetze ospakizunak ekaineko bigarren hamabostaldian egingo dituzte, ohikoan bezala; eta "hamaika ekintzez osatutako jaialdia" aurreikusi dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide