ERREPORTAJEA

Ellakuriko udal igerilekuetako kudeatzailea auzitara, langileen kontratuak faltsutzea eta lan baldintzak ez errespetatzea egotzita

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 22a, 13:24

Ellakuriko igerilekuak, gaur goizean ateratako argazki batean. / Laudioko Udala

Ramon Lazaro Martinez enpresak beharginen kontratuak faltsutu eta lan baldintzak okertu zituen, udalak zein langileek salatutakoaren arabera. Enpresariak, bere aldetik, bere aurkako akusazioak ukatu ditu.

Gorabeheratsua izan zen iazko uda Ellakuriko udal igerilekuetan.  Laudioko Udalak Ramon Lazaro Martinez enpresariari esleitu zion azpiegituren kudeaketa, bi urterako. “Bigarren geratu zen lehiaketan, baina eskaintza merkeena aurkeztu zuen enpresak atzera egin zuen esleipena baino lehen”, azaldu diote udal teknikariek Aiaraldea Komunikabideari. 

Baina laster hasi ziren arazoak. Zerbitzuari lotutako gabeziak sumatu zituzten lehenbizi, baina gauza larriagoekin egin zuten topo bainu-denboraldia amaitu zenean. Une honetan epaitegietan dago auzia. Udalak salaketa jarri dio enpresari, kontratuak faltsutzea egotzita. Era berean, espediente administratiboa abiatu du kontratua bertan behera uzteko, zerbitzuan egondako irregulartasunak medio. 

Langileek ere abiatu dute prozedura judiziala Ramon Lazaro Martinezen aurka, lan baldintzak urratu direla argudiatuta. 

Gabeziak zerbitzuetan

Zerbitzuan egondako gabeziak izan ziren udalak sumatu zituen lehenak. “Belarra hiru aldiz moztu behar zen hilean, eta ez zen betetzen, beste gauza batzuen artean”. Gauzak hala, enpresariarekin bildu zen udala. “Dena konponduko zela esan zigun, baina ez zen hala izan”. Zerbitzuaren gaineko kexa ugari jaso zituen tokiko erakundeak udan.

“Udalak duen kontratuan nire izena agertzen da idatzita, baina ez nuen nik idatzi, ez zen nire letra”

Kontratuak eta lan baldintzak

Baina gauza larrienak, esan bezala, uda amaieran atera ziren argitara, igerilekuetako langileak udalarekin bildu zirenean. Hor konturatu ziren kontratuekin gertatutakoaz, besteak beste. “Enpresak 13 langile kontratatu behar zituen jardun osoz, kontratazio pleguetan jasotzen zenaren arabera”, azaldu dute udal teknikariek, “baina, hori egin ordez, %50-60 arteko jardunaldi partzialetan kontratatu zituen, guri emandako kontratuak jardun osokoak ziren arren”. 

Langileetako batek xehetasun gehiago eman dizkio Aiaraldea Komunikabideari: “Udalak duen kontratuan nire izena agertzen da idatzita, baina ez nuen nik idatzi, ez zen nire letra”. Gauza larri gehiago jarri dituzte mahai gainean beharginek. Zegokiena baino gutxiago kobratu dutela salatu dute, besteak beste. Era berean, langile batzuk kontraturik ez zutela nabarmendu dute, beste hainbat irregulartasunekin batera. 

Presentzia handia Espainiako Estatuan

Bi enpresa ditu Ramon Lazaro Martinezek, Librebor atarian plazaratutako datuen arabera. Lehena 2012. urtean sortu zuen: Gestion Y Eventos Lazaro SL. Udalekin, instituzio publiko eta pribatuekin eta elkarteekin egiten du enpresa horrek, bere webgunean zehazten denaren arabera.

Lazaro Martinezek berak komunikabide batean azaldu zuen Estatu Espainiarreko 12 pronbintzietan dutela presentzia: Hego Euskal Herrian, Kantabrian, Leonen, Errioxan, Salamancan, Segovian, Valladoliden, Sorian, Geronan, Leridan, Tarragonan, Bartzelonan, Murtzian, Valentzian, Zaragozan, Huescan, Teruelen eta Madrilen. Modu horretan (Lazaro Martinezen hitzetan betiere) "900 lanpostu" sortu dituzte, "modu zuzenean zein zeharka".  

2018. urtean sortu zuen Corellako enpresariak bere bigarren konpainia: Ramon Lazaro Martinez enpresa horrekin aurkeztu zen Laudioko Udal Igerilekuetako lehiaketa publikora. Hala ere, udal teknikariek zehaztu dutenez, ‘Gestion Y Eventos Lazaro’ izena “marka” moduan baliatzen du enpresariak. 

Artziniegako igerilekuak ere

Artziniegako igerilekuak ere kudeatzen ditu Lazarok. Bertan ere nabaritu dituzte gabeziak zerbitzuari dagokionez, baina ez dute langileen eskubideen urraketen berririk izan, Joseba Vivancok Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez. “Gabezia txikiak ziren, ekintzen antolaketa edota iragarpenari lotutakoak”, azaldu  du alkateak, “irailean bildu ginen Lazarorekin gai horiez hitz egiteko, eta orain, martxoan, berriz bilduko gara, aurtengo udari buruz mintzatzeko”. 

Dena den, Laudioko langileek salatutakoa ez da salbuespena. Villafrancako (Nafarroa) igerilekuetako bi sorosle kaleratu zituen enpresak 2020an, hauek hitzarmenaren araberako soldata eskatu zutenean. CNT sindikatuak salatu zuen gertatutakoa eta nabarmendu zuen horrelako praktikak “ohikoak” direla enpresaren partetik. 

Horrez gain, Interneten ere erraz topatu daitezke enpresariaren irregulartasunak salatzen dituzten iruzkinak. 

Enpresariak dio ez duela bere aurkako prozedura judizialen berri, langileek kontrakoa ziurtatzen duten arren.

Enpresariaren erantzuna

Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Ramon Lazaro Martinezekin. Bere hitzetan, udalak esandakoa ez da egia. “Egia da arazo batzuk egon zirela udan zehar, baina konpondu egin ziren eta ez genion zerbitzua emateari utzi”.

Lan-baldintzen inguruan galdetuta, enpresariak aipatu du Lan Ikuskaritza irailean joan zela igerilekuetara eta ez zuela irregulartasunik topatu. Langileek abiatutako prozedura judizialaren inguruan, aldiz, enpresariak ziurtatu du ez dakiela ezertxo ere ez.

Kontrakoa diote langileek: “Adiskidetze-ekitaldia izan genuen eta ez  zen agertu". Udal teknikariek, euren aldetik, azaldu dute lan ikuskaritzak gauza bakarra begiratu zuela, ea langileak aldizkako lan-kontratu finkoa zuten, "ez zuen gauza gehiagorik begiratu". 

Igerilekuetako bi langile elkarrizketatu ditu Aiaraldea Komunikabideak, eta bihar plazaratuko du elkarrizketa Aiaraldea.eus atarian. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide