Laudioko Udalak aurrera egingo du eta Dolumin Barikuko azoka antolatuko du, abeltzainik gabe

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 23a, 16:03

60 postu jartzeko asmoa dauka Laudioko Udalak. / Aiaraldea.eus

Laudioko Udalak oharra zabaldu du jakinarazteko ekoizleen eta artisauen azoka egingo duela Dolumin Barikuan, nahiz eta abeltzainek parte hartzeari uko egin dioten.

Apirilaren 8an Dolumin Barikua ospatuko da Laudion. Aberedunak elkarteak atzo iragarri zuen ez dela animalirik egongo, baina Laudioko Udalak aurrera egingo du antolakuntzarekin eta 60 postu jarriko dituzte produktuak erakutsi eta saltzeko. Erakusmahai horiek hiru plazatan sakabanatuko dituzte pilaketak ekiditeko: Herriko plazan, Aldai plazan eta Alberto Acero plazan. 

Animaliak azokan?

Tokiko abeltzainen ezezkoa jasota, Laudioko Udalak hurrengoa adierazi du: "Aberedunak abeltzainen elkarteak ganadu-azoka ez antolatzeko erabakia iragarri dio udalari astelehen honetan egindako bileran. Laudioko Udalak hartutako erabakia errespetatzen du eta beste aukera batzuk bilatuko ditu".

Oharrean ez du zehaztu aukera horien artean kanpoko animaliak ekartzea ote dagoen.

Musika eta idi probak

Azokaz gain, goizez musika giroa egongo da tokiko erakundearen eskutik, txistulari eta trikitilariekin. Arratsaldean idi-probak egingo dituzte Udal Karrejoan, Lauzaldik antolatuta, eta herri kirolak, eta Nafarroako jota ikuskizuna ere egongo da. Jaiak gauez jarraituko du herriko gazteentzat, Akerbeltz taldearen eskutik etorriko den erromeriarekin.

Aberedunak elkarteak ez du baloraziorik egin

Aiaraldea Komunikabidea Aberedunak elkartearekin jarri da harremanetan eta bere ordezkari batek azaldu dio taldeak ez duela udalaren jarduera baloratuko. Finean, elkarteak eutsi egingo dio iragarritako erabakiari eta ez dute azokan parte hartuko, hiltegiaren itxiera salatzeko.

131. edizioa abererik gabe

1890ean hasi zen egiten Dolumin Barikua Laudion. Dena den, Aberedunak elkarteak hartu zuen ardura 1992an, ospakizunaren gainbeherari aurre egiteko. Azken bi edizioak ez dira egin koronabirusaren pandemiaren ondorioz eta aurtengoa ere ez da guztiz normaltasunera itzuliko, abeltzainek protesta egingo baitute hiltegiaren itxiera dela eta. 

Jaiaren historiari dagokionez, Juan Carlos Navarro historiazalearen arabera, 1890eko maiatzaren 7an antolatu zen aurreneko aldiz, Francisco Urizar alkatea eta Urkixo markesa lekuko zirela. Arbolazainak eta abeltzainak saritzen zituzten garai hartan, egindako lanagatik. Batetik, Laudiokoak. Eta, bestetik, Murgakoak. Zezenak, behiak, arbolak, idiak... arraza eta motaren arabera aztertzen zituzten. 

1992an hartu zuen Aberedunak elkarteak azoka antolatzeko ardura, ospakizunaren gainbeherari aurre egiteko.

Hasierako lehiaketetan, sari gehiago banatzen ziren Laudioko lehen sektorearen artean. Hamarkadek aurrera egin ahala, ordea, aldatu egin da nola sari kopurua hala banaketa. 

Lehen, adibidez, fruta arbolen kasuan, laudioarrentzat 500 pezetako 12 sari zeuden. Murgakoentzat, berriz, 250 pezetako zazpi. Urteek aurrera egin ahala, ordea, azokako parte hartzaileak eta eremua ere aldatu dira.

1950etik 1953ra, esaterako, antzinako Urkixo markesaren kalean egin zen. 1954an, berriz, Maestro Elorzara mugitu zuten azoka, eta 1958tik aurrera Jose Matia kalera. 1957an antolatzaileak ere aldatu ziren, udalak hartu baitzuen ospakizuna prestatzeko ardura, Arabako Foru Aldundiaren eta banketxe batzuen laguntzarekin. 1968tik aurrera, berriz, Larrea koadrilak hartu zuen bere gain egunaren inguruko prestaketa eta kudeaketa. 

Dolumin Barikuan idi probak egiteko ohitura zaharra da Laudion. Arratsaldean jende mordoa biltzen da Arrañon, txapelketa ikusteko. Hala ere, ez da urtero egin den jarduera, 1968ra arte, askotan bertan behera geratu izan da lehiaketa, sukar aftosoa zela eta, idiak garraiatzeko zailtasunak zituztelako. Azkeneko urteetan, Zumalakarregi etorbidean, Herriko plazan eta Aldai plazan egin dira azokak. Aurten Alberto Acero plaza gehituko da zerrendara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide