Laudioko pentsiodunen mugimenduak mozioa aurkeztuko du datorren astelehenean -otsailak 28- egingo den Udal Osoko Bilkuran. Banketxeen informatizazioak eta bulegoen itxierak edadetuengan eragindako zailtasun eta eragozpenak salatu dituzte mozioaren nondik norakoak azaltzeko atzo egindako agerraldian. Arreta duina aldarrikatu dute.
Herriko banketxe guztietan lanaldi osoan zabalik egongo den leihatila bat eskatu dute pentsiodunek "aurrez aurreko zerbitzua bermatu dadin". Hori dela eta, leihatila horren aldeko aldarrikapena eramango dute asteleheneko udalbatzara, eta talde politiko guztien babesa eskatu dute. Udalerriko banketxeetan ahalik eta edukiera handieneko itxarongela baten beharra ere azpimarratu dute, bereziki lokaletara sartzeko murrizketak dauden bitartean.
Laudioko erretiratuek "lotsagarritzat" jo dituzte egunero herriko sukurtsaletan sortzen diren ilarak, eta nabarmendu dute bankuen informatizazioak pertsona nagusien kontra egiten dutela.
Bestelako aldarrikapenak ere jorratuko dituzte mozioan. Horien artean, bankuen funtzio pribatu eta publikoa bereiztea eskatuko diote Espainiako Banku Zentralari, harik eta bankuen zerbitzuen doakotasuna edo gutxieneko komisioa ezarria izan dadin. 65 urtetik gorako pertsonei zordunketa-txartelak doan ematea izango da beste eskakizunetako bat.
Banka publikoa
Mozioko testuan txertatutako azken puntuak Banka Publikoa eratzeko eskaera luzatzen dio Ekonomia Gaietarako Eraldaketa Ministerioari, "banku pribatuekin bateragarria eta bankuen funtzio publikoa betez pertsona fisikoentzako sarbidea izango duena".
Astelehenero plazan
Azken hiru urteetan bezala, astelehenero Herriko plazan elkartzen jarraitzen dute Laudioko erretiratuek. 12:00etan dute asteroko hitzordua pentsio duinak aldarrikatzeko. Horrekin batera, bestelako borroka eta aldarrikapenen topaleku izan dira Herriko plazan egiten dituzten elkarretaratzeak.
Datorren astelehenean, banketxeen inguruko mozioa eztabaidatuko den egun berdinean, Laudioko osasun zentroan egingo dute mobilizazioa, babesa erakusteko Osakidetzako gehiengo sindikalak deitutako greba egunean murgilduta egongo diren osasun-langileei.