Bi urtez San Roke Jaiak ospatu gabe egon ondoren, Laudioko Udalak atea ireki dio abuztuan ospakizunak egiteari: "Pandemiaren egungo bilakaeraren aurrean, eta beherako bidean jarraituko duenaren uste sendoa izanda, abuztuan 2022ko Sanrokeak antolatzea aurreikusten du Laudioko Udalak".
Edonola ere, tokiko erakundeak ez du egitaraua osatu: "Oraindik zehazteko daude ekintzak, unean uneko egoerara egokituko dira, agintari eskudunek ezarritako gomendio guztiak errespetatuz".
Eragileekin bilera
Udalak berak argitu du otsailaren 16an batzarra egin zuela jaien esparruan aritzen diren eragileekin, eta ideiak harrera ona izan zuela. Gauzak horrela, berriro elkartuko dira ekarpenak jasotzeko: "Erantzuna positiboa izan zen, eta bigarren topaketa bat egingo da, jai arloko taldeen eta eragileen ekarpenak, ideiak eta asmoak biltzen jarraitzeko".