Laudioko Udalak berriki iragarri du Aldai Plazako orubea saldu egingo duela. Horren aurrean, lursail hori alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzera bideratzea exijitu du Esker Anitza Aiaraldeak, "baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonek udalerri honetan bizitza-proiektu bat garatu ahal izateko dituzten arazo larriak arintzeko" helburuarekin.
Azken urteetako biztanle galerak etxebizitza-defizit larria eragin duela ohartarazi du Ezker Anitzak. "Herritarrak inguruko udalerrietara mugitzen dira, agerian utziz Laudion dagoen etxebizitza arazoa" ohartarazi du koalizioak.
Eraikuntzara bideratutako lursail falta jo dute arrazoi nagusitzat. Horren aurrean, babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza handitzea proposatu du alderdi ezkertiarrak, "gazteak udalerritik alde egin behar ez dezaten". Gogoratu dute ere Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza eskubidea aitortzen duen lege bat dagoela: "Errekonozimendu hori praktikan jartzeko aukera on bat litzateke hau".
Etxebizitzak birgaitzeko programa
Horrez gain, Ezker Anitzak uste du badela unea abian jartzeko Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko Eusko Legebiltzarrak onartutako ponentzian jasotzen den etxebizitzak birgaitzeko programa.
"Aldai plazan eraikiko diren etxebizitzek ez badute ponentzian jasotako promozio publikoko alokairura bideratutako etxebizitzak izateko baldintza betetzen, agerian geratuko da Legebiltzarrak onartutako testuak ez duela inolako anbiziorik", ohartarazi du formazioak. Hain zuzen ere, Elkarrekin Podemos-IU Legebiltzarreko taldeak abstentzioaren alde jo zuen Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko ponentziaren bozketan, testuak aurreikuspenak betetzen ez zituela defendatuta.