Self-destruction izango da Moonshine Wagon taldearen laugarren diskoaren izenburua. Datorren martxoaren 9an plazaratuko dute lana, baina lehen singela plazaratu dute dagoeneko. Janari azkarra da kantaren izena, eta euskara hutsez egin dute:
Abesti horretako letra da, hain zuzen, diskoak duen zorrotzena, Goiatz Dutto taldekidearen esanetan. “Diskoan bildu nahi izan dugun kritika sozial guztia barnebiltzen du, janari azkarra metafora moduan baliatuta. Scroll egiten dugu gure sakelakoen pantailetan eta 15 segundoko storyak kontsumitzen ditugu sare sozialetan, ez dugulako denbora gehiagorik edukia gozatu eta baloratzeko, eduki hori egiteko ordu, egun, hilabete edota urteak baliatu behar izan diren arren”.
Kritika soziala ardatz
9 abesti izango ditu diskoak, “bonus track batekin batera”. Duttoren hitzetan, album “kontzeptuala” plazaratuko dute, "janari azkarrarekiko" kritika soziala ardatz hartuta. “‘Fast food’-a edo ‘janari azkarra’ hartu dugu bizitza estilo moduan: dena bizi, dena iragankor, dena pilotu automatikoa jarrita eta gauzei merezi duten balio, denbora eta estimua eskaini gabe”.