Azken bi urteetan ia ezerezean geratu da eskualdeko musika eskaintza, pandemia dela eta. Orain, aldiz, berriz berpizten ari da kontzertu programazioa, hainbat areto eta espazioren eskutik.
Hori argi ikusi daiteke Laudioko asteburu honetako agenda begiratuz gero. Larunbatean hiru tokitan egongo da zuzeneko musika, hainbat talderen eskutik. Drumgorri aretoan, aldiz, gaur egongo dira kontzertuak.
Mikel Urdangarin Faktorian
Faktorian arituko da Mikel Urdangarin larunbatean, 20:30ean. Amorebieta-Etxanoko musikariak errepaso zabala egingo dio bere 25 urteko ibilbideari, formatu akustikoan. Sarrerak salgai daude Faktoria.eus atarian.
Orbeko Etxean, punk doinu azkarrak
Orbeko Etxean, aldiz, 19:00etan hasiko dira kontzertuak. Animal Fest jaialdia egingo dute, eta bost talde igoko dira guztira oholtzara: Prisión, Reclusión, Belchite, Ikaära eta Incendio.
Azken bi taldeak Aiaraldekoak dira, eta taldekideak dituzte komunean. Estiloari dagokionez, biek ala biek jorratzen dituzte punk doinu azkar eta bortitzak:
Gaztetxean, sortzaile gazteak protagonista
Laudioko Gaztetxean ere egongo da zer entzun larunbatean. Herriko sortzaile gazteak izango dira protagonista nagusi.
Olatz Gastaka kantautoreak hainbat abestiren bertsioak taularatuko ditu. Neiferrek, ordea, hip hop doinuak taularatuko ditu.
Aiala Dot, bere aldetik, Surk.o-rekin eta beste lagunekin batera abestuko du.
Drumgorri aretoan, gaur
Drumgorrin, aldiz, ez da asteburura itxaron beharko musikaz gozatzeko. Doinu akustikoak nagusituko dira gaur Gardeako aretoan, Oliver Rosado eta Julen Burgosen eskutik. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta “sarrera solidarioa” eman beharko da sartzeko.