Martin Larizgoitia Prieto Sugarrak klubeko kimu kategoriako saskibaloi jokalaria hautatu du Euskadiko Selekzioak apirilaren 9tik 13ra bitartean izango den Espainiako Txapelketan aritzeko. Berez, lehiaketa San Fernandon izango da, Cadizen.
Horretarako bidea, ordea, ez da erraza izan. Hasteko, abenduan Arabako Selekzioan egoteko hautatua izan zen kirolari gaztea, Xabier Rivera taldekidearekin batera. Gero, otsailean, Euskadiko Selekzioaren deialdian egon zen, beste 22 jokalarirekin batera.
Hori dela eta, igandero lau orduko entrenamenduak izan ditu. Asterik aste, deituak ziren kirolarien zerrenda txikitzen joan da. Pasa den astean, 15 jokalariko multzoa deitu zuten eta Marinera, Galiziara, jo zuten, euren indarrak Gaztela Leon, Asturias eta Galiziako taldeekin neurtzeko.
Horren ostean, Larizgoitia San Fernandora joango den 12 kideko taldean egongo dela erabaki du Euskadiko Selekzioko hautatzaileak.
Denboraldia ona
Martin Larizgoitia Prietok Sugarraken antolatzaile postuan jokatzen du kimuak kategorian, 2010ean jaio baitzen. Duela 5 urte sartu zen klubean eta indarrean dagoen denboraldian 8 garaipen eta 2 porrotekin bukatu du lehenengo ligaxka (Porrotak Baskoniaren kontra izan ziren). Orain Arabako 6 talde onenen ligaxkan dago Sugarrak, Final Fourra jolasteko helburuarekin.