80 urteko gizonezkoa erreskatatu dute gaur Aiarako Suhiltzaileek Aretako 'etxe arrosa' deituriko eraikinean. Antza, gizonezkoak zorabioa izan du gaueko ordu txikitan eta mugitu ezinik geratu da.
Etxeko atea itxita zegoenez, Aiarako Suhiltzaileak alboko etxebizitzan sartu dira eta, handik, balkoi batetik bestera igaro dira, 7. solairuan. Behin gizonezkoaren balkoian, atea hautsi dute eta barrura sartu dira.
Ezbeharra izan duen pertsona topatu dute, bertan eta berak azaldu die gertatutakoa. Gero, anbulantzia bateko osasun langileei ireki diete atea eta euren esku utzi dute egoera. Anbulantziak Galdakaoko ospitalera eraman du gizona.