Laudioko Pentsiodunek ezustean jaso zuten EAJk mozio alternatiboa aurkeztea udalbatzan, bankari buruzko eztabaidan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mar. 9a, 11:00

Pentsiodunen mobilizazioa Laudion. / Aiaraldea.eus

Laudioko Pentsiodunek oharra zabaldu dute gogoratzeko otsailaren 28ko udal osoko bilkuran mozioa aurkeztu zutela bankaren digitalizazio prozesua salatzeko eta aldarrikatzeko neurriak hartu behar direla erabiltzaile nagusiei begira.

Laudioko Pentsiodunek adierazpena egin dute baloratzeko euren partaidetza otsailaren 28ko udalbatzan. Alde batetik, kolektiboak eskertu du EH Bilduren eta Omniaren aldeko botoa eta PSE-EEren abstentzioa.

Plataformak, ordea, ezustea agertu du EAJk mozio alternatiboa proposatu zuelako aurretik ezer aipatu gabe. Horregatik, pentsiodunek kritika zorrotza egin diete jeltzaleei: "Osoko bilkuraren egunean bertan mozio alternatibo bat aurkezteak, kontsultarik egin gabe balizko akordio baten bila, gure udalean gobernu-talde honekin aplikatzen den 'demokratizazio handia' ikustarazten digu. Lehenagoko garaietan erabilitako adagio zaharra dirudi. Gure mozioarekin ados daudela esan dute, baina beraiena ez denez, beste mozio alternatibo bat asmatu egiten dute jatorrizkoa ez bozkatzeko".

Edonola ere, ekimenaren muinari dagokionez, erretiratuek honakoa azaldu dute: "testuan gure kexak islatzen ziren tratu iraingarriagatik, mota guztietako zerbitzuengatiko komisioak kobratzeagatik, ordutegi-mugengatik eta, batez ere, adinekoentzako banku-zerbitzuak digitalizatzeak ekarri dizkigun oztopo teknologikoengatik".

Halaber, kolektiboak mesfidantzaz hartu du bankuek iragarri dituzten neurriak egoera konpontzeko: "Udalbatzan esan genuen bezala, ez gara bankuez fidatzen, beti engainatu gaituztelako, eta zerbait egiten badute, epe ertainera interes ezkuturen bat dutelako da. Zain geratzen gara, zer neurri hartzen dituzten eta neurri horiek iraunkorrak edo aldi baterakoak diren ikusteko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide