Laudioko Kultura Planak diru-laguntzen eredua eztabaidatzea aurreikusi du

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 10a, 07:15
Atzo aurkeztu zituzten planaren nondik norakoak. / Aiaraldea.eus

Atzo aurkeztu zuen Udal Gobernu Taldeak Laudioko Kultura Plana eta azpimarratu zuen adostasun osoa egon dela talde politiko eta kulturalen artean proposamena onartzerako orduan.

Laudioko Udalak atzo azaldu zuen herriko Kultura Plana laster sartuko dela indarrean. Izan ere, Kultura Kontseiluaren proposamena onartu zuen udalbatzak urtarrilean eta martxoaren 31n amaituko da epea ekarpenak egiteko. Hori egin ostean, berehala irekiko dute deialdia interesdunek izena emateko eta parte hartzeko. 

Kontseilu horren eginkizuna izango da, hain zuzen, atzo aurkeztutako planaren jarraipena egitea, hemendik eta 2025era bitarteko kronograma eta helburuak bete daitezen. Hainbat xede eta ekintza aurreikusi dituzte, baina garrantzitsuenen artean dago, dudarik gabe, diru-laguntzen eredua aztertzea, partaidetza baliatuta.

Horrez gain, planaren ardatzak dira herriko kultura ehuna eta sormena indartzea, kultura egitaraua aberastea diziplina berriekin, herritarrei zabaltzea egiten diren jarduerak eta azpiegiturak egokitzea. Halaber, planak sustatu nahi duen kultura mota da elkarlanean landutakoa, euskalduna, tokikoa eta erakargarria.

Planak txertatu duen berritasun garrantzitsua izango da ere kultura kudeatzailearena. Udal egituraren barruan, bere eginkizuna izango da udalerriko programazio kulturala prestatzea, taldeekin harremanetan egotea eta Laudion bideratzeko jarduera kulturalak bilatzea.

Adostasuna eta partaidetza

Ander Añibarro alkateak eta Maite Cortazar zinegotziak eskaini zuten atzo prentsaurrekoa eta biek nabarmendu zuten plan estrategikoa adostasun zabala lortzeko gai izan dela, bai udalbatzan -aho batez onartu zuten- zein kultura taldeen artean. 

Cortazarrek gogoratu zuen parte hartze prozesu luzea egin dela udal teknikari zein kultura sortzaileekin eta aipatu zuen abiapuntuan bertan, diagnosian, irakurketa oso antzekoa izan zela guztien aldetik. Berez, ariketa horretan ahulguneak, indarguneak, aukerak eta mehatxuak identifikatu zituzten eta nagusienak hurrengoak izan ziren:

Ahulguneak:

  • Azpiegituren egoera
  • Jende berak parte hartzen duela oro har emanaldietan
  • Informazio falta

Indarguneak:

  • Egitarau zabala
  • Artisten konpromisoa
  • Azpiegitura ugari
  • Ekintza anitzak

Mehatxuak:

  • Dinamika politiko eta sozial konplexuak
  • Mesfidantza erakundeei dagokionez
  • Belaunaldien arteko haustura
  • Bilboko hurbiltasuna eta hango kultura eskaintza

Aukerak:

  • Laudio Antzokia
  • Erakundeekin harremanak hobetzeko parada
  • Finantzazioa lortzeko aukerak
  • Kultura Etxea
  • Kanpoko jendea erakartzen duela Laudiok
  • Artista garrantzitsuak eta konprometituak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide